Geranioak hasita, udaberria bertan da
Lore gehiago ere iritsi dira feriara, Aramako kalak tartean, baita baratzerako piper eta kuiatxo landareak ere.
Ordiziako feria udaberri kolorea hartzen hasita dago. Laster iritsiko den urtaro berri hori iragartzeko, eguraldia izan da lagun gaur goiz osoan, baita lore eta landare eskaintza ere. Geranioak eta kalak hasi dira, eta baratzean lanean hasteko gonbita luzatu dute dagoeneko landare saltzaileek.
Loreen atalekoak izan dira gaur feriako berritasun nagusiak. Iñaki Azanzak aste batzuk zeramatzan esaten udaberriko eskaintza zabaltzen hasiko zela laster, eta gaur geranioak aurkeztuta, eman dio azkenik hasiera ofiziala denboraldi horri. Goizean goiz fuksia koloreko geranio guztiak saldu ditu, eta gorriak ere apurka-apurka agortzen joan zaizkio, hainbestekoa baita lora zaleen gosea. Fuksia eta gorria izan ditu bakarrik gau, baina kolore eskaintza zabaltzen joango dela agindu du.
Geranioak 2,9 euro balio zuen, eta prezio berean eskaini du surfinia ere. Udaberriko lore gehiago ere aurkeztu ditu: diplademia (5,5-8.5-18,5 euroan, tamainaren arabera), dimorfoteca eta margarita (6,5 euroan), eta jasmina (15,5). Geranioak bezala, joango da ekartzen lore gehiago.
Kalak eta landareak
Bestelako lore batzuk ere ikusi dira gaurko ferian: kala zuriak. Horien esperoan ere bazegoen jendea, eta eramandako sorta guztiak saldu dituzte Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek. Sorta 4,5 euroan zuten.
Eta gaurkoa ikusita, landareak ere mugitzen hasi direla esan daiteke, oraindik goiz samar izanda, eskaintza berria negutegiari begirakoa bada ere. Montes landare haztegiko Patxi Izagirrek Ibarrako piper txikia jarri du gaur salgai, bi landarez osatutako takoa 0,20 euroan; Ibarrako haztegian bertan hazitako landareak direla nabarmendu du. Esther Ilarramendik, berriz, kuiatxo landareak aurkeztu ditu, 0,60 euroan.
Baratzetik, bestalde, horretarako garai aproposena ez bada ere, iritsi da produktu berri bat, mascada motako kuia. Natalia Magallanesek zuen salgai bere postuan, kiloa 2,8 euroan.
Eta beste aste batez, perretxikorik ez. Udaberriko zizaren zain dago jendea, baina goizean aditu batzuek esan dutenez, oraindik ez dago arrastorik ere hemen inguruan.
Bisitak, aldiz, ez dira falta ferian. Gaur bi ikasle talde ibili dira. Batetik, Tolosako Orixe institutuko ikasle eta irakasle talde bat ibili da, elkartruke programa baten bidez bisitan jaso dituzten Belgikako ikastetxe batekoekin batera. Bestetik, D’Elikatuz zentroak gidatuta, Donostiako Herrera ikastetxeko taldea ibili da Plaza Nagusiko postuz postuz galderak eta erosketak egiten.

















