Grebari baiezkoa emanda, bi orduko lanuztearekin hasiko dituzte mobilizazioak Indarreko langileek bihar
Martxoaren 17ko grebari baiezkoa eman diote 400 langilek Enpresa Batzordearen batzarrean. Bozketan, apirilean lau egunetan greba egitea ere erabaki dute, aurrez negoziazioek aurrera egiten ez badute.
Indarreko langileen manifestazioa Beasainen lan hitzarmenaren alde, 2023ko apirilean.Ariane Vierbücher Beasaingo Ingeteam Indar enpresako Enpresa Batzordeak atzo jakinarazi zuen mobilizazioak hasiko dituztela langileek lan hitzarmenaren harira. Gaur batzarra egin dute, eta datozen asteetarako mobilizazioen egutegia zehaztu dute. Bihar bi orduko lanuztearekin hasiko dituzte mobilizazioak, “ezinbestekoak diren zenbait edukiren gainean hitz egiteko zuzendaritzak duen borondate falta” tarteko. Zuzendaritzak negoziazioa “nahikoa ez den soldata igoera murritz batera mugatu nahi izan” duela salatzen du Enpresa Batzordeak, “enpresa batzordearen aldetik eros ahalmena berreskuratzeko, kontratazio berriak egin eta enplegua bermatzeko edo azpikontraten baldintzak duintzeko egindako proposamenei entzungor eginez”. Segurtasuna, presentzia egunak murriztea eta presentzia ordu guztiak zenbatzea ere daude aldarrikapenen artean.
Martxoaren 17ko greba orokorrerako deialdiaren bozketa egin dute; 460 langilek parte hartu dute, eta grebari baiezkoa eman diote 400 langilek. Ezezkoa eman dute 31k, 23k zurian bozkatu dute eta baliogabeak sei izan dira. Bozketan, apirilean lau egunetan greba egitea ere erabaki dute, aurrez negoziaketek aurrera egiten ez badute.
Bihar (martxoak 5), martxoaren 9an, 11n, 23an eta 25ean bi orduko lanuzteak egingo dituzte; martxoaren 16an lau ordukoa izango da lanuztea; martxoaren 17an greba orokorrarekin bat egingo dute; eta martxoaren 3, 20, 12, 13, 18, 24 eta 26an faborerik ez egiteko eskatu diete langile guztiei, beren egutegia eta ordutegia betetzeko, alegia.
Gaur-gaurkoz, grebara joko dute
Apirilaren 13an, berriz, Negoziazio Mahaia bilduko da, eta lau orduko lanuztea ere adostu dute egun horretarako; apirilaren 15ean ere lau orduko lanuztea egingo dute; eta apirilaren 14, 16, 17, 23, 24, 28 eta 30erako ere faborerik ez egiteko eskatu diete langile guztiei. Apirilaren 20an batzar orokorra egingo dute, eta apirilaren 21ean, 22an, 27an eta 29an greba egitea erabaki da. Enpresa Batzordetik jakinarazi dutenez, “gaur-gaurkoz hori da egutegia”, baina negoziazio mahaiaren araberakoa izango da: “Enpresak mahaian proposatutakoaren arabera, egutegia asanblada bidez aldatuko genuke”.













