Indarreko langileek mobilizazioak hasiko dituzte lan hitzarmenaren alde
Bihar batzarra egingo dute mobilizaioak bozkatu eta erabakitzeko. Bi orduko lanuzteak proposatu dituzte martxoaren 5ean, 9an, 11n, 23an eta 25ean; eta lau orduko lanuztea martxoaren 16an.
2023ko apirilean Ingeteam Indarreko langileek lan hitzarmenaren alde egindako manifestazioa.Ariane Vierbücher Beasaingo Ingeteam Indar enpresako Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, mobilizazioak hasiko dituzte lan hitzarmenaren harira. Izan ere, “azken asteetan enpresa hitzarmenaren hainbat negoziaketa bilera egin ostean Enpresa Batzordeak argi ikusi du Zuzendaritzak ezinbestekoak diren zenbait edukiren gainean hitz egiteko duen borondate falta”.
Prentsa oharraren arabera, “Zuzendaritzak hasieratik nahikoa ez den soldata igoera murritz batera mugatu nahi izan du negoziaketa, enpresa batzordearen aldetik eros ahalmena berreskuratzeko, kontratazio berriak egin eta enplegua bermatzeko edo azpikontraten baldintzak duintzeko egindako proposamenei entzungor eginez”.
Horiez gain, “besteak beste, segurtasuna, presentzia egunak murriztea eta presentzia ordu guztiak zenbatzea” ere badaude aldarrikapenen artean.
Bihar batzarra
Era horretan, Ingeteam Indar enpreseko langileek greba eta mobilizazio fase bati ekingo diotela aurreratu dute. Bihar, martxoaren 4an batzarrera deitu dituzte langileak. “Bertan mobilizaioak bozkatu eta erabakiko dira”.
Lehen mobilizazio txandan, bi orduko lanuzteak proposatu dituzte martxoaren 5ean, 9an, 11n, 23an eta 25ean; eta lau orduko lanuztea martxoaren 16an. Martxoaren 17ko greba orokorrari buruzko bozketa ere egingo dute bihar.













