Ordiziako Igeriketa taldeko infantilen erakustaldia
Aitor Ormazabalek, Unai Etxeberriak eta Maddi Zubirik sekulako emaitzak lortu zituzten joan den asteburuko Euskal Herriko Neguko Infantil Mailako Txapelketan.
Igeriketako promesa onenak bilduta, Euskal Herriko Neguko Infantil Mailako Txapelketa jokatu zen iragan asteburuan Getxon. Ordiziatik ere izan zen bertaratu zenik, eta emaitzez harago, “konpromisoa” eta txapelketari aurre egiteko “heldutasuna” erakutsi dituzte.
Asteburuko erronkarik zailena 50 metroko igerilekura egokitzea zela azaldu du Ordiziako Igeriketa Elkarteak, eta goierritar gazteek “bikain” erantzun zutela ziurtatu du: “Marka oso onak lortzeaz gain, distantzia luzeko igerilekura egokitzeko gaitasun handia dutela erakutsi dute”.
Lortutako garaipenei dagokienez, Aitor Ormazabal txapeldun izan zen 200 metro tximeletan; Unai Etxeberriak ere podiumera igotzea lortu zuen 50 metroko tximeletan, hirugarren postua eskuratuta; eta Maddi Zubirik, berriz, 50 eta 100 metro bular probetan hirugarren postuak lortu zituen, eta bere kategoriako espezialista onenen artean sailkatu zen.
Aipamen berezia egin dio Ordizia Igeriketak Unai Etxeberriari. Izan ere, Sabadellen jokatuko den Espainiako Neguko Infantil Mailako Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka lortu du. “Denboraldi osoan egindako lanaren eta etengabeko hobekuntzaren emaitza” dela ziurtatu du elkarteak.













