44. Usurbe proba jokatuko da larunbatean Beasainen
Kadeteen proba da. 34. aldiz, Mikel Etxeberriaren oroimenezkoa izango da. 10:30ean irtengo dira Nafarroa etorbidetik. Boluntarioak behar ditu Loinaz Txirrindulari Elkarteak antolaketarako.
Txirrindulariak 43. Usurbe proban, iaz, Nafarroa etorbideko irteera-helmuga puntutik pasatzen.Ariane Vierbücher 44. Usurbe txirrindularitza proba jokatuko da larunbatean, martxoak 7, Beasainen, Loinaz Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Kadete mailako txirrindulariak elkartuko ditu lasterketak.
34. aldiz, Mikel Etxeberriaren oroimenezkoa izango da proba. 10:30ean irtengo dira ziklistak Nafarroa etorbidetik, neutralizatuta, eta N-1erako bidea hartuko dute; han izango da irteera. Ordiziara joango dira, eta Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta pasatuta Alegiara ailegatuko dira, handik Beasainerako bidea hartzeko berriz. Nafarroa etorbidetik pasatu ondoren, Olaberriara igoko dira, eta Lazkaora jaitsi. Senperetik itzuliko dira Beasainera, eta Nafarroa etorbidean helmugaratuko dira.
39,7 kilometroko ibilbidea da, eta lehenengo txirrindulariak 11:30 alderako iristea aurreikusi dute. Tarteko helmuga Beasainen izango da, Alegiatik bueltan.
Azken bi probetan irabazle bera izan du Usurbe kadeteen probak. 42. zein 43. Usurbe probetan Gran Canaria Bike Dario Jimeno Pardo izan zen irabazlea. Iazkoan, bigarren izan zen Aitor Mitxelena (Gran Canaria Bike), eta hirugarren Zatika taldeko Aimar Ugarteburu. Lehen beasaindarra, berriz, Loinatz Inoxcra taldeko Unai Aranburu izan zen.
Boluntarioei deia
Loinaz Txirrindulari Elkarteak lasterketaren antolaketarako boluntarioak behar ditu. Larunbatean 09:15ean Erauskin plazako frontoira agertzeko eskatu die herritarrei, boluntario lanak egin ditzaten.













