Auzolanerako deialdia egin du Legorretako Udalak
Herrigunea eta tren geltokia lotzen dituen tunela margotuko dute, zuriz. Goizeko 10:00etarako egin dute hitzordua, larunbatean, plazan.
Herrigunea eta tren geltokia lotzen dituen tunela margotzeko auzolanerako deialdia egin du Legorretako Udalak. Zuriz margotuko dute berriz, azkenaldian espazioaren “argitasuna eta ikusgarritasuna” murriztu dituzte zenbait margoketa deseginda. Larunbaterako egin du hitzordua, 10:00etan hasita, plazan.
2018an egindako Legorretako puntu kritikoen lanketa diagnostikoan oinarritzen da ekimena. Izan ere, herriko emakumeen esperientziak bilduta, espazio publikoetan sortzen diren ziurgabetasun egoerak aztertu ziren zenbait parte-hartze saioen bidez; adin eta jatorri ezberdinetako emakumeek euren bizipenak partekatu zituzten bertan, eta horietatik abiatuta herriko puntu kritikoak identifikatu zituzten.
Diagnostiko horretan ondorioztatu zuten, besteak beste, argiztapenak, ikusgaitasunak, espazio zaindua izateak edota kolore argiak eragin zuzena dutela herritarrek espazioak espazio seguru gisa hautemateko moduan, eta horren emaitzetako bat da larunbaterako deitu duten auzolana.













