Axio Arañaren omenezko ekitaldi herrikoia antolatu dute larunbaterako
Errugbi jokalari ohien ekimenez antolatu dute larunbateko agur herrikoia. 18:30ean egin dute hitzordua, Ordiziako frontoian. Oroitzapenek eta hurbileko lekukotzek girotuko dute memoriala.
Axio Araña orain hiru urteko martxoan 'GoiBerri' aldizkariari eskainitako elkarrizketa baterako ateratako argazkian.Gorka Gomez Larunbatean urtebete beteko da Axio Araña Igoa (Beasain, 1961) zendu zenetik. Ordizia errugbi taldeko jokalari eta entrenatzaile ohia zena omentzeko, haren jokalari ohiek eta gertuko lagunek azken agur herrikoia antolatu dute. Joanes Aierbek aitortu du iaz ez zutela behar adinako «adorerik eta gaitasunik» izan halako ekitaldi bat taxuz prestatzeko; aurten, berriz, orduko arantza kendu eta herri mailako omenaldi «zintzo eta parte-hartzailea» eskaini nahi diote.
Omenaldia kirol eremura eramatea zen antolatzaileen aurreneko asmoa, Ampo Ordizia eta La Unica Rugby taldeen arteko norgehiagoka baten bidez. Proposamenak bazuen oinarri sendoa: batetik, Arañaren ilobek —Alain Araña eta Erlantz Garmendiak— etxeko taldean jokatzen dute; eta bestetik, Axio bera La Unicako entrenatzaile ere izandakoa zen. Azkenerako, baina, egutegiaren baldintzek eta data egokia adosteko zailtasunek hasierako planteamendua alboratzea ekarri dute, agur herrikoia Altamirako zelaitik herrigunera lekualdatuta.
Altamiratik frontoira
Ordiziako frontoian izango da ekitaldia, 18:30ean hasita. Aierberen hitzetan, xede nagusia ez da soilik kirol ibilbidea gogoratzea, baizik eta Axiorekin bizitako uneak eta herrian utzitako arrastoa partekatzea: «Axiorekin ibilbide guztian zehar topo egin dugun jokalariek eta lagunek hitza hartzea nahi izan dugu». Hala, memoriala hurbileko lekukotzen bidez osatuko dela aurreratu du, eta dantzak, musikak, oroitzapenek eta hitz hunkigarriek girotuko dute arratsaldea.
«Axiorekin ibilbide guztian zehar topo egin dugun jokalariek eta lagunek hitza hartzea nahi izan dugu»
Joanes Aierbe. Ordizia Rugby Elkarteko jokalari ohia
Axioren argazki bat jasotzen duen murala parean izanda, agurra dantzatuko diote aurrena, eta ondoren irekiko da memoriarako tartea. Xabi Otamendi izango da hitza hartzen lehena; Arañarekin batera errugbian aritutakoa ez ezik, gaztetan mendira sarri elkarrekin joandakoa ere bada, eta bien arteko bizipen pertsonalak ekarriko ditu gogora. Jarraian, 10 minutu inguruko ikus-entzunezko bat proiektatuko da, haren ibilbideko une esanguratsuenak bilduz. Musikak ere bere lekua izango du: Stuart Kelling eskoziarrak eta Iñaki Puyadenak hainbat pieza interpretatuko dituzte zuzenean. Halaber, Segura Irratian esatari gisa jardundako Josean Saizek ere hartuko du hitza; institutu garaian Axiorekin ibilitakoa izateaz gain, haren kirol ibilbideari gertutik jarraitu izan dio urte luzez. Azkenik, jokalari ohien hitzartzeak itxiko du ekinaldia, eta musikarekin eta argazki gehiagorekin emango zaio amaiera, ordubeteko memoriala osatuta.
Ibilbide emankorra
Axio Araña 63 urterekin hil zen iaz, gaixotasun baten ondorioz. 14 urte zituela hasi zen errugbian, eta ia bi hamarkadaz aritu zen jokalari gisa. Espainiako eta Euskadi selekzioarekin jokatutakoa, bi urte ez beste denetan –Atletiko San Sebastianen bi urte egin zituen– Ordizia izan zen bere taldea, eta estuki lotuta jarraitu zuen etxeko taldera jokatzeari utzi ondoren ere.
33-34 urterekin errugbian jokatzeari utzi eta Ordizia taldea entrenatzen hasi zen. 2014ra arte izan zen entrenatzailea, eta lorpen ugari poltsikoratu zituen Ordiziak: 2005ean igo ziren Ohorezko Lehen Mailara, eta bi errege kopa irabazi zituzten 2012an eta 2013an.
Ibilbide hori aintzat hartuta, Foru Aldundiak sari berezia eman zion 2012ko abenduan, egindako ekarpena publikoki aitortuz. 2014ra arte jardun zuen Ordizia errugbi taldeko entrenatzaile gisa, eta gerora ere klubaren eta herriko errugbiaren inguruan jarraitu zuen, modu batera edo bestera.
Urtebete igaro den honetan, ordiziarrek zor zitzaion aitortza egingo diote, kirolari eta entrenatzaile gisa ez ezik, belaunaldi oso bat markatu zuen pertsona konprometitu eta gertuko gisa.













