Batala Mendi Lasterketarako boluntario bila dabiltza
Batala Mendi Lasterketa inklusiboaren aurkezpena egin dute Lazkaoko Arerian, asteazkenenean. Lasterketan izena emateko epea martxoaren 12an irekiko da. Lasterketak hiru modalitate izango ditu: 30km-ko eta 12km-ko lasterketak, eta oinezko ibiltarientzako martxa bat.
Batala Mendi Lasterketaren aurkezpena Lazkaoko Arerian, asteazkenean. Manex Usarralde Garmendia Batala Mendi Lasterketa ekainaren 27an izango da, Lazkaon. Atzo, lasterketaren aurkezpena egin zuten Arerian. Batala elkartea, Bakuntza elkartea, Lazkaoko Udala eta kirolariak bildu ziren. Boluntarioak lortzea azpimarratu zuten prentsaurrekoan. Herrian zabalduko diren karteletan boluntario izatera apuntatzeko QR kodea aurkituko da. Hurrengo ostegunean martxoak 12n izen-emateak irekiko dira.
Imanol Garmendia Batala elkarteko kideak lasterketa azaldu du: «Lasterketak hiru modalitate izango dituela azaldu dute: 30km-ko lasterketa, 1450 metroko desnibel metatuarekin; 12km-koa 350 metroko desnibelarekin eta 12km-ko ibilibidean oinezko ibiltarientzako martxa bat egongo da». Inklusioa «lantzea» dela lasterketaren helburua azpimarratu du Garmendiak: «Batalarentzat inklusioa, komunitatea, euskara eta jasangarritasuna dira balore nagusiak». Horregatik, dortsal bakoitzeko euro 1 Minbiziaren Aurka Gipuzkoan taldeari emango zaiola azaldu du Batalako kideak.
“Batalarentzat inklusioa, komunitatea, euskara eta jasangarritasuna dira balore nagusiak”
Imanol Garmendia. Batala elkarteko kidea
Proiektu hau etorkizunean ere egiten jarraitzeko asmoa dutela aitortu du Garmendiak. Lasterketa Kopa Goierriren barruan “sartuta” egotea azpimarratu du Batala taldeko ordezkariak, “Lazkaoko eta kanpoko korrikalari asko etorriko dira ekitaldi honetan parte hartzera”. Garmendia antolaketan lagundu dutenei zuzendu zitzaien: «Kopa Goierri, Goitur, Lazkaoko Udala, Amalur mendi elkartea eta korrikalariei erabat eskertuta gaude».
Alkatearen mezua
Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak Bakuntza elkarteko gazteei zuzendu zitzaien «handiak» direla esanez: «Gozamenerako eta elkarbizitzarako momentuak sortzeko duzuen gaitasuna txalotzekoa da». Bakuntza aniztasun funtzionala duten pertsonen aisialdiko ekintzak antolatzen dituen elkartea da. Alkateak eskerrak eman dizkie lasterketa hau posible egingo duten antolatzaile guztiei.
“Gozamenerako eta elkarbizitzarako momentuak sortzeko duzuen gaitasuna txalotzekoa da”
Kepa Zubiarrain. Lazkaoko alkatea
Zubiarrainentzat kirol proba soil bat ez delako, baizik eta elkartasun ekitaldi bat delako herritarrei lasterketan modu batera edo bestera parte-hartzeko gonbidapena luzatu die. Gainera, Batala aurten hasitako bidetik jarraitzera «animatu» du hurrengo urteetan: “Gu alboan izango gaituzue”.













