Euskal WikiEmakumeok I. Topaketa egingo dute Beasainen
Euskal Wikipedian emakume eta gizonen arteko dagoen arrakala murriztea da topaketaren helburuetako bat.
Izaskun Salazar Beasainpediaren ordezkaria, ezkerretik laugarrena, Euskal Wikilarion II. Topaketan Gasteizen, urtarrilean.EWKE Larunbatean, Igartzan, Euskal Wikiemakumeen I. Topaketa izango da, 10:00etan hasita. Beasainpediako Izaskun Salazarrek azaldu duenez, topaketaren asmo nagusia Euskal Wikipedian emakume eta gizonen arteko dagoen arrakala murriztea da. «Beasainen mugimendu hau ezagutzera eman nahi dugu, orain arte beste herri batzuetan egindako lana aitortzearekin batera».
Beasaingo taldea martxan jarri zenetik, biografiak sortu dira Igartzako jauregitik, Beasainpediatik eta Andramendi ikastolatik, eta Jabetze Eskolan ere talde berri bat biltzeko itxaropena dute. Larunbateko topaketan Durangaldea, Oarso-Bidasoaldea, Ondarroa eta Goierriko (gutxienez 6 emakume) wikilariak bilduko dira. «Guztira 22 emakumek eta gizon batek eman dute izena, baina ateak irekiak egongo dira proiektua ezagutu nahi duen ororentzat».
Jardunaldian herri ezberdinetako kideek haien ibilbidea azalduko dute. Ondoren, Onintze eta Garazi Garrido antropologoek androzentrismoari buruzko solasaldia eskainiko dute, eta jarraian, edizio saio praktiko bat egingo da pantaila handian: biografiak eguneratu, argazkiak gehitu eta itzulpenak egiten irakatsiko da. Amaitzeko, Emakumeen presentzia Igartzan bisita gidatua eta talde-bazkaria egingo dira.













