Garinen saneamendu eta urbanizazio lanak amaitu dituzte
Auzoko zoladura, argiteria eta ur-hornidura berritu dituzte, baita telekomunikazio eta elektrizitate sarearen kanalizazioak ere. Hondakin urak arazteko instalazio berria eraiki dute.
Asfaltoa berrituta Garinen.Beasaingo Udala Garin auzoan saneamendu eta urbanizazio lanak amaitu dituzte. Udalak azaldu duenez, “landa auzoan zegoen eskaera historiko bati erantzuna eman zaio” lanen bidez. Guztira, 711.620 euroko inbertsioa izan da, eta zazpi hilabete iraun dute lanek. Saneamendu lanak Lurkide Hondalanak enpresak egin ditu, eta urbanizazio lanak Otegi Gaztañaga SL enpresak.
Batetik, hondakin urak arazteko instalazio berria eraiki da, orain arte biltzen ez ziren hondakin urak behar bezala kanalizatu eta tratatzeko, udalaren hitzetan “funtsezkoa” izan dena auzotarren bizi kalitatea hobetzeko eta ingurunea babesteko: “Saneamendu sistema egokirik ez izateak lurzorua eta tokiko ur-iturburuak kutsa ditzake, eta giza osasuna arriskuan jar dezake”.
Ur zikinen kutsadura kentzeko, EDAR instalazioa eraiki da: “EDAR bat —Hondakin Uren Araztegia— etxeetako eta industrietako ur zikinen kutsadura kentzeko diseinatutako instalazioa da. Bere eginkizuna da ur hori behar bezala garbitzea eta, ondoren, ibaietara edo itsasora baldintza seguruetan itzultzea. Araztegi hauek osasun publikoa eta ingurumenaren oreka babesteko balio dute. Era berean, kutsadura murrizten dute eta prozesuan sortzen diren lohiak modu kontrolatuan kudeatzen dituzte”, azaldu du udalak.
Saneamendu sarearen kostua 596.381,66 eurokoa izan da. Beasaingo Udalak 295.370,48 euro jarri ditu, Gipuzkoako Ur Kontsorzioak 150.505,59 euro eta Gipuzkoako Foru ALdundiak 150.505,59 euro. Udalak Eusko Jaurlaritzatik eta Europar Batasunetik 163.693,69 euroko diru-laguntza eskuratu du.
Bestetik, “saneamendu lanak aprobetxatuz”, udalak hainbat urbanizazio hobekuntza lan egin ditu Garinen, 115.238,35 euroko inbertsioa izan dena. Asfalto inprimatuzko zoladura berria jarri, Led argiteria jarri, ur hornidura sarea berritu eta telekomunikazio eta elektrizitate sarea lurperatzeko kanalizazioak egin ditu.













