Herriarteko bertso finala izango da larunbatean, Lazkaon
Goierriko bertsolari eta bertsozaleak elkartzeko eguna izango da. Urretxu-Zumarragako bi talde eta Beasaingo Oriako Tramanak taldea ariko dira finalean.
Hiru talde finalistekin egindako irudi muntaia. Hitza Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako Goierriko finala izango da Lazkaoko Biziolan, larunbatean. Finalean hiru talde arituko dira, Urretxu-Zumarragako bi talde eta Oriako Tramanak Beasaingo taldea.
Egun osoko egitaraua antolatu dute finalaren harira. Bertso poteo girotua egingo dute Lazkaon, 12:30ean, ondoren bazkaria Biziolan, 14:30ean, eta finala bazkalostean izango da.
Zumarraga-Urretxu 1 taldeko bertsolariak Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandez dira. Zumarraga-Urretxu 2 taldea Beñat Torres, Uxue Fernandez eta Amaia Iturriotz bertsolariek osatzen dute. Oriako Tramanak taldeko partaideak Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaran dira.
Amaia Iturriotz Zumarraga-Urretxu 2 taldeko bertsolariak egun honen «garrantzia» azpimarratu nahi izan du: «Herriartekoak Goierriko bertso munduko jendea elkartzeko aukera ematen du». Iturriotzentzat Goierrin bertso mugimendu «handia» dago, baina Goierri garaia eta behea ez dira «asko» elkartzen.
«Herriartekoak Goierriko bertso munduko jendea elkartzeko aukera ematen du»
Amaia Iturriotz. Urretxuko bertsolaria
Bertso poteoan bertsotan finalera iritsi ez diren beste taldeetako bertsolariak arituko direla aurreratu du Maddi Aiestaranek, Oriako Tramanak taldeko bertsolariak: «Finalera iritsi ez diren taldeak ere egun honen parte izatea nahi dugu». Finalean maila «altua» egongo dela dio Iturriotzek eta beste taldeekin giro «polita» sortzea du helburu, ezagunak dituelako beste taldeetako bertsolariak.
Aiestaranek finalean egoteko «gogoa» zuen: «Saio hauetan oso ondo pasatzen dut eta finalean egotea beste saio batean parte-hartzea esan nahi du». Hiru taldeek ongi «pasatzea» jartzen dute «lehiaren» aurretik.
Herriarteko txapelketa
Herriarteko txapelketako ariketak jolasetik «gertuago» daudela adierazi du Iturriotzek. Aiestaranek Herriarteko Txapelketako ariketak errazagoak «nahita» jarrita daudela gaineratu du: «Herriartekoa antolatzen hasi ginenean jendea animatzea zen gure helburua».
«Finalera iritsi ez diren taldeak ere egun honen parte izatea nahi dugu»
Maddi Aiestaran. Beasaingo bertsolaria
Goierrin hiru kanporaketa egin dira otsaileko hiru ostiraletan: Legazpin, Ordizian eta Ataunen. Legazpiko saioan Oriako Tramanak taldea sailkatu zen finalera, Ordizian Zumarraga-Urretxu 2 eta Ataungoan Zumarraga-Urretxu 1.
Jendearen erantzuna
Mikel Iturriotz Zumarraga-Urretxu 1 taldeko bertsolariak Herriarteko kanporaketetako saioetan bizi izan duen «giro onaz» hausnartu du: «Denak ongi pasatzeko asmoarekin goaz eta hasierako agurren momentutik bertsotan umorea nagusitzen da». Zumarraga-Urretxu 1 taldeko bertsolariak dio «horrelako» saioak ez direla urtero antolatzen eta «aukera» aprobetxatzeko.
«Denak ongi pasatzeko asmoarekin goaz eta hasierako agurren momentutik bertsotan umorea nagusitzen da»
Mikel Iturriotz. Urretxuko bertsolaria
Aiestaranek berriz ez zuen espero Legazpiko saiora gerturatu zen «jende pila». Amaia Iturriotzi saio hauetatik koplak entzutea «gustatzen» zaio beste txapelketetan ez direlako «horrenbeste» kantatzen.
Goierriko talde txapeldunak Tolosaldeko irabazlearen aurka jokatuko du kanporaketa apirilaren 17an, Zaldibiako Herri Antzokian egingo den saioan.













