Hirukideren bulegoa Beasainen izango da asteartean
Hirukideren zerbitzu eta jarduerei edota familia ugarientzat dauden laguntza, baimen eta hobari publikoei buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da. Galdetegia betetzen dutenek lehentasuna izango dute.
Hirukide Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko familia ugarien federazioaren bulegoa Beasainen izango da asteartean, martxoak 10, udaletxeko sarrerako gelan (09:30-14:00 eta 15:00-18:00). Ez da beharrezkoa hitzordua hartzea, baina galdetegi hau betetzen dutenek lehentasuna izango dute arreta jasotzerako orduan.
Hirukideren zerbitzu eta jarduerei buruzko, familia ugarientzat dauden laguntza, baimen eta hobari publikoei buruzko edo familiek dituzten zalantzei buruzko argibideak jasotzeko aukera izango da, besteak beste. Erakundeak azaldu duenez, azken hilabeteotan izan diren berritasunak azalduko dituzte: Argiaren Bonu Soziala eta Bonu Sozial termikoa, seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntza berriak edota kide ugariko familia izaeraren hedapena.













