Ordiziako PSE-EEk 2026ko aurrekontuen inguruko balantzea egin du
Aurrekontuan jasotako zenbait konpromiso zalantzan jarri ditu talde sozialistak. Konpromisoak "metatzen" segi aurretik, administrazio egiturari erreparatzea eskatu dio EH Bilduri.
Ana Sanchez Herraez, Ordiziako PSE-EEren zinegotzia.PSE-EE Ordiziako PSE-EEk 2026ko aurrekontuen gaineko balorazioa egin du, joan den astean EH Bilduren, EAJren eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosek 2026ko aurrekontuak onartu eta udal taldeak oposizioko taldeekin aurtengo ekitaldiaz harago doazen akordio estrategikoak sinatu ondoren. PSE-EE abstenitu egin zen bozketan, “dokumentuak betetzeko berme nahikorik eskaintzen ez duela eta udalerriaren erronka nagusiei behar besteko irmotasunez erantzuten ez diela” argudiatuta.
Inoizko aurrekonturik anbiziotsuena onartu berri du Ordiziako Udalak, baina PSE-EEk zalantzan jarri du gobernu taldeak hura gauzatzeko duen ahalmena: “Administrazio egitura egonkorrik gabe eta gauzatzeko benetako ahalmenik gabe, edozein aurrekontu-aurreikuspen airean geratzen da, azken bi agintaldi hauetan ohikoa izan den bezala”. Era berean, gogoratu du zein den une honetan udalak duen administrazio egitura: “Udala lanean ari da %41eko hutsuneekin eta aldi baterako langileek betetzen dituzten ardura eta koordinazio-postuen %60 baino gehiagorekin”. Horrek dakartzan ondorioak gogoratu eta egoerari buelta emateko neurriak hartu ez direla ziurtatu du: “Egoera horrek plangintza mugatzen du, tramitazioa moteltzen du, gauzatzea baldintzatzen du eta egozein proiekturen ebaluazioa oztopatzen du. Gainera, aurrekontuan ez dago egiturazko egoera hori lehengoratzeko neurri nahikorik”.
Aurrekontuan jaso dituzten zenbait neurri, jarduera eta egitasmoen aurrean ere, gogor azaldu da PSE-EE. Batetik, azpimarratu du egiteke dauden zereginetako asko “estrategiko” gisa aurkezteak ez diola “inolako anbiziorik ematen udal-plangintzari”; eta, bestetik, etxebizitza, eskola-segregazioa, gizate-kohesioa edo gizarte-zerbitzuak bezalako “funtsezko” gaiek, “estrategiarik gabe” jarraitzen dutela ziurtatu du.
Talde sozialistaren urtez, HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da udalerriaren “proiektu eraldatzaile nagusia”, baina horren ardura behar bezala ez hartzea leporatu dio EH Bilduri: “Urteak daramatza atzerapenarekin, eta bete gabeko konpromisoekin, EH Bilduren geldotasunagatik eta oposizioko alderdi nagusiaren bultzada faltagatik”.
Horregatik guztiagatik abstenitu dela azaldu du talde sozialistak, eta konpromisoak “metatzen” segi aurretik, administrazio-gaitasunak “lehentasuna” izan dezan eskatu dio EH Bilduri. “Plantillaren egoerari premiaz heltzen ez zaion bitartean, edozein aurrekontuk atzerapen, ez-betetze eta eraginkortasun ezaren aurrean kaltebera izaten jarraituko du”, ziurtatu du PSE-EEk.













