Axio Araña, orpoz orpo pasioa eta balioak uztartzen
Ordizia Rugby Elkarteko jokalari eta entrenatzaile izandakoa oroitu eta ohoratu dute Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan egindako ekitaldian, hil eta urtebetera.
Axio Arañaren argazkia, aurrean argizaiola piztua, errugbiko baloia eta 'Gora Euskadi' txanoa dituela. Iñaki Gurrutxaga Axio Araña Igoa (Beasain, 1961) Ordizia Rugby Elkarteko jokalari eta entrenatzailea hil zela urtea bete den egunean haren izena eta izana gogoratzeko ekitaldia egin dute Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan, bart arratsaldean. Harekin orpoz orpo ibilitako jokalari ohiek eta gertuko lagunek antolatu dute agur herrikoia. Joanes Aierbe jokalari ohiak aurreratu bezala, «omenaldi zintzo eta parte-hartzailea» eskaini diote. Haren kirol ibilbidea gogoratu ez ezik, Axio Arañarekin bizitako uneak eta hark herrian utzitako arrastoa partekatu dituzte hurbileko lekukotzen bidez.
Hitzordua 18:30ean zen. Frontoia ilun, argiz inguratutako oholtza txiki bat eta Axio Arañak eskubiko besoa jaso zuela erakusten zuen argazki bat maindire zurian. Haren aurrean, argizaiola bat, errugbiko baloi bat eta Arañak horren maite zuen Gora Euskadi zioen txapela. Xume baina indartsu. Artean jende askorik ez eserlekuetan, pixkanaka iritsi da jendea. Haren belaunaldiko jokalari asko, baita Ordizia Rugby Elkartearen garai loriatsueneko jokalari ugari ere, etxekoak batzuk, kanpotik etorriak beste batzuk.
Argazki erraldoia eta ohorezko agurra
Iñaki Luloaga jokalari ohi zaldibiarrak eman dio hasiera ekitaldiari. 19:00ak badira, eta frontoiak bestelako itxura du dagoeneko. Haren hitzen ondotik, Axio, beti gurekin! zioen argazki erraldoia jaso dute frontoiaren erreboteko horman, eta Añes Aierbek eta Juna Sarriegik ohorezko agurra dantzatu diote. Lehen txalo zaparradak.

Añes Aierbe eta Juna Sarriegi ohorezko aurreskua dantzatzen Axio Arañaren irudiaren aurrean.Iñaki Gurrutxaga
Xabi Otamendik hartu du hitza hurrena. Arañarekin batera errugbian aritutakoa ez ezik, gaztetan mendira sarri elkarrekin joandakoa ere bada, eta bien arteko bizipen pertsonalak ekarri ditu gogora. «Taldeko liderra, motorra, komunikatzen gaitasuna, nafarra, euskalduna, euskara asko maite zuena», hala oroitu du. Arañaren balioak goratu ditu –«oso sustraituak zituen balioak»–, baita haren diziplina ere. Mendizaletasunaz eta soldadutza garaiko kontuez ere aritu da, eta baita Axio Arañak Ordiziako klubarekin izan zuen etenaz ere. «Orduko zuzendaritzarekin talka izan zuen, eta bere etxea utzi eta atzeko atetik joan zen. Nik jarrera epela izan nuen orduan, eta barkamena eskatu nahiko nioke horregatik». Ordiziako errugbilariek horrenbestetan oihukatutako borroka abestia kantatuz eta kantaraziz bukatu du hitzartzea.
Ikus-entzunezkoa eta abestiak
Axio Arañaren jokalari eta entrenatzaile ibilbidea oroitzeko ikus-entzunezkoa proiektatuz jarraitu du ekitaldiak, eta segidan, urteetan Goierrin bizi den Stuart Kelling eskoziarraren eta Iñaki Puyadena jokalari ohiaren txanda izan da. Gitarra bana hartuta, lau kanta jo dituzte. «Axiori asko gustatzen zitzaion zeltiar kultura», nabarmendu du britainiarrak. Halako bi abesti, hirugarren bat eta azkena Ordizia Rugby Elkartearen ereserkia, Kellingek berak sortua.

Iñaki Puyadena ‘Puya’-k eta Stuart Kelling-ek musika emanaldi bat egin dute.Iñaki Gurrutxaga
Ikaskide izan zuen irrati esataria
Segura Irratian esatari gisa jardundako Josean Saizek ere hartu du hitza; institutu garaian Axiorekin ibilitakoa izateaz gain, haren kirol ibilbideari gertutik jarraitu izan dio urte luzez. «Institutuan ezagutu genuen elkar, eta 14-18 urte bitartean ibili ginen elkarrekin. Mutil ona zen, pertsona ona, 50 urte pasa dira harrezkero». Ordizia Rugby Elkartearentzat «Axio dena izan» dela adierazi ondoren, joaten zen tokira joaten zela «denek Axiori zioten errespetua» nabarmendu du. «Lider bat zen, lider harrigarri bat, jendea erakarri eta biziarazten zuena, errespetuzko pertsona, borondatetsua. Klub honetan eragin zuen ilusioa da Axiok utzi digun ondarea».
Atzera ere irudi proiekzio bat egin dute izara zurian, hiru euskal abesti ezagunez lagunduta: Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean, Mikel Laboaren Txoria txori eta Ken Zazpiren Ilargia.
Lau jokalari ohiren azken hitzak
Oroimen ekitaldia antolatzen eta Arañarekin une gogoangarriak bizitako lau jokalari ohi igo dira oholtzara. Ezkerrean Mikel Mate eta Josu Oiarbide, eskubian Joanes Aierbe eta Xabier Lerma. Azken horrek egin ditu lehen hitzak: «Elkartasuna, pasioa eta borroka. Axiok horrelaxe bizi izan zuen, eta guri ere horrelaxe erakutsi zigun». Irakurriz oroitu dituzte entrenatzailearekin izandako bizipenak. Aierbe izan da azkena, eta Arañak Nafarroako Sakanarekin zuen harremana –hango jatorria zuen– gogoratuz amaitu du: «2025. urtearen hasiera, Axioren ingresoa, bost astetako borroka eta abesti bat bueltaka, Sakanako bateko gainera, hainbeste maite zuen Etxarri ondokoa. Agur Axio, agur, besarkatuko gara berriro batzen gaituenean heriok». Albiste hau osatzen duen bideoan entzun daitezke lauren hitzak.
Txalo zaparrada luzearen ondoren, ekitaldiaren irudi izan zen Axio Arañaren argazkia jarri duten pantailan, eta Pello Reparaz arbizuarrak gidatutako Zetak taldearen Hileta kantu nafarra abestia entzun da. Isiltasun osoa, denak hari begira, bakoitza bere pentsamenduetan. Bukatu da kantua, txaloak atzera ere, piztu dira argiak, etorri dira berriro bosteko eta besarkadak. Halaxe amaitu da pasioa eta balioak uztartzen eta goresten zituen Axio Araña oroitu eta ohoratzeko ekitaldia.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Iñaki Gurrutxaga













