Beasainen ere mobilizazioa egin dute, Itaiak deituta
Faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatu eta indartzea, emakume langileen interesak lehen lerroan jarriko dituen bide orri politikoa garatzea, eta lanean eta antolakuntza iraultzailean jarraitzeko aldarria egin dute.
Beasainen ere kaleak hartu dituzte, mundu berri baten alde. Itaiak antolatuta, emakume langileen interesak defendatzeko eta borroka irultzailea bultzatzeko mobilizazioa egin dute Beasainen. Kaleetan zehar manifestazioa egin ondoren, irakurketan emakume langileen zapalkuntza eta indarkeria matxista salatu dute.
Antolatzaileen arabera, duela ehun urte sortu zen egun honek emakumeen zapalkuntzaren aurkako grina adierazten du, eta azken urteetan erakundeek eta alderdiek egunaren edukia hustu nahi izan dutela kritikatu dute. Era berean, gaineratu dute sektore feminizatuetako lan baldintzak “penagarriak” direla, emakume etorkinen pobrezia “handia” dela, instituzioek enpresen interesak lehenesten dituztela, eta indarkeria matxista eguneroko errealitatea dela. Gainera, ultraeskuinaren diskurtsoek matxismoa normalizatzen dutela kritikatu dute, emakumeen eskubideen aurkako atzerapausoak bultzatuz.
Azkenik, alternatiba iraultzailea eraikitzeko deia egin dute: faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatu eta indartzea, emakume langileen interesak lehen lerroan jarriko dituen bide orri politikoa garatzea, eta lanean eta antolakuntza iraultzailean jarraitzeko aldarria egin dute. Parte-hartzaileek argi utzi dute emakumeak borrokaren lehen lerroan egon direla eta egoten jarraituko dutela.













