Bi gizonezko atxilotu dituzte bitxiak lapurtzeagatik
Lapurretaren egileek aurrekariak dituzte ondarearen aurkako delituengatik eta atzo agintari judizialaren eskuetan jarri zituzten.
Tartean belarritakoak, eskumuturrekoak, eraztunak eta lepokoak, guztira 3.000 euro inguruko balioa zutenak. Ostiral goizean Goierriko bitxi-denda batean gertatutako lapurretaren egileak atxilotu dituzte. Ertzaintzak jakinarazi duenez, lehenengo gizonezko bat sartu zen dendara, urrezko kate lodirik ba ote zuten galdetzera. Establezimendutik atera bezain pronto, burua eta aurpegia estalita zuen beste gizonezko bat sartu zen, saltzaileari bultza egin eta hainbat bitxi lapurtu zituen, tartean belarritakoak, eskumuturrekoak, eraztunak eta lepokoak, guztira 3.000 euro inguruko balioa zutenak.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak segurtasun-kameren irudiak aztertu eta susmagarriak identifikatzea lortu zuen. Bi gizonezkoak, 21 eta 34 urtekoak, herrian bertan aurkitu eta atxilotu zituzten arratsaldeko lehen orduan. Biak aurrekariak dituzte ondarearen aurkako delituengatik eta atzo agintari judizialaren eskuetan jarri zituzten.













