Feminismotik mundu berri baten alde
Ehundaka pertsonak Ordiziako kaleak hartu dituzte, eta aldarrikatu dute zapalkuntza sistemen aurrean, feminismotik «beste mundu bat» eraikitzea posible dela.
Ordiziako kaleetan zehar bildu dira ehundaka herritar. Gaur, martxoaren 8a, aldarrikapenerako eguna da, eta eskualde osoko herritarrek kaleak hartu dituzte aldarri feministekin. Goierriko manifestazio nagusia Ordizian egin dute, Goierriko Koordinadora Feministak deituta. Zapalkuntza sistemen aurrean, feminismotik «beste mundu bat» eraikitzea posible dela aldarrikatu dute.
Ordiziako Plaza Nagusian elkartu aurretik, juntadizoak egin dituzte hainbat herritan. Ondoren, 12:30ean hasi da manifestazio nagusia, eta ekitaldi batekin eman diote amaiera. Manifestazioa hasi aurretik, Legorretako batukada taldeak danbor hotsen bidez astindu du Plaza Nagusia; eta segidan, ehunka lagunek Ordiziako kaleak hartu ditzute, «matxismoa borrokatu» , «kaleak, gauak gureak dira» eta «beste mundu bat posible da» lelopean.
Ondoren, Plaza Nagusian bilduta, ekitaldiari ekin diote. Lehenik, Duna Urteagak eta June Aiestaranek bertso bana bota dute; jarraian, Amets Bide dantza taldeko dantzariek dantza ikuskizuna eskaini dute. Ianire Aranzabe abeslarien doinuek eman diote segipena ekimenari, eta azkenik, Garazi eta Danielak aurtengo adierazpena irakurri dute.
Aurtengo hitzaurrea
Hitzaurreari hasiera emateko, duela astebete Sarrigurenen gizon batek eraildako emakumea, Tatiana, eta larri zauritutako beste emakumea gogora ekarri dute. Ondoren, «sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistaren aurkako» aldarria egin dute, eta salatu dute feminismotik eraikitako diskurtso eta proposamenak «interes eta itxurakeria hutserako bereganatzen» ari direla zenbait eragile.
Testuaren jarraipenean, aurten feminismotik langile klasearen alde borrokatzera atera direla adierazi dute, eta gogorarazi dute Mugimendu Femenistak martxoaren 17ko grebarekin ere bat egin duela. Bestalde, martxoaren 21a Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela gogoratuta, «zuriek boterea dezplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko» duten ardura ere azpimarratu dute. Beste hainbat aldarrikapen ere egin dituzte, zaintza lanen aitortzari, pertsona transen aurkako indarkeriari eta bestelako errealitateei erreparatuz.
Azkenik, nabarmendu dute ez dutela «feminismorik eta antiarrazismorik gabeko» mugimendurik nahi eta feminismotik «beste mundu bat eraikitzeko antolakuntza eta borroka» direla armarik garrantzitsuenak.













