Azken jardunaldian beharko du
Lasok eta Albisuk 22-15 galdu dute Altuna III.a-Ezkurdiaren aurka, eta datorren igandean Elordi-Zabaleta mendean hartu beharko dituzte finalerako txartela lortzeko.
Jon Ander Albisu ataundarra pilota astintzen, atzo, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Binakako txapelketa luzea dela eta hasierako fasea eta azken ligaxka ezberdinak izaten direla argi gelditu da beste behin. Unai Lasok eta Jon Ander Albisu ataundarrak bikoterik indartsuena zirela erakutsi zuten sailkapen fasean –hamalau partidetatik hamahiru irabazi zituzten–, eta finalerdietako ligaxkako lehen partidan ere sendo aritu ziren, Jaka-Iztuetari nagusitasunez irabaziz.
Oso bestelako partida jokatu zuten atzo Gasteizko Ogetan Altuna III.a-Ezkurdiaren aurka. Laso eta Albisu ezinean ibili ziren, batez ere Ezkurdiak jarritako erritmoari neurri hartu ezinik. Ataundarra, gainera, justu antzean aritu zen eskubiko eskuarekin –hala baieztatu zuen partida ondorengo adierazpenetan–, eta ohi baino huts gehiago egin zituen.
Garaipen horrekin Altuna III.a-Ezkurdia sailkatuta daude martxoaren 29an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako. Lasok eta Albisuk, aldiz, Elordi-Zabaletari irabazi beharko diete finalean lehiatu nahi badute. Datorren igandean, hilaren 15ean, finalerdietako ligaxkako hirugarren azken eta jardunaldia, Logroñoko Adarragan.
PARTIDAREN DATUAK
- Pilotalekua. Ogeta (Gasteiz)
- Emaitza. Altuna III-Ezkurdia 22-15 Laso-Albisu
- Iraupena. Ordu 1 eta 8 minutu
- Pilotakadak. 594
- Gorriz (Altuna III-Ezkurdia). 7 tanto egin dituzte eta 7 galdu
- Urdinez (Laso-Albisu). 8 tanto egin dituzte eta 15 galdu













