Daniel Diaz Bejaranok irabazi du 44. Usurbe proba
Tropel txikitan helmugaratu ziren larunbatean txirrindulari kadeteak. Lehenengo goierritarra Oinatz Idiakez izan da, eta lehen beasaindarra Eneko Aldasoro Monasterio.
44. Usurbe probako saridunak, larunbatean.LTE Dimaq-Ipar Maquina taldeko Daniel Diaz Bejaranok irabazi du Loinaz Txirrindulari Elkarteak antolatutako 44. Usurbe txirrindularitza proba. Kadete mailako proba izan da. Bigarren egin du Erro y Egui-Carretillas Arga taldeko Izan Ariz Goldarazek, eta hirugarren Andoaingo Txirrindulari Eskolako Xabat Martin Mariezkurrenak.
Lehenengo goierritarra Zatika-Oxydor taldeko Oinatz Idiakez Zabaleta urretxuarra izan da, laugarren postua eskuratuta, eta lehenengo beasaindarra Eneko Aldasoro Monasterio, 24. postuan.
Larunbat goizean jokatu zen karrera. Iheslaririk gabe, tropel txikitan sartu ziren ziklistak Nafarroa etorbideko helmugan. Lehenengo bostek denbora berean osatu zituzten 39,7 kilometroak: 1:00:07. Bigarren tropeleko zortzi txirrindulariak bi segundotara helmugaratu ziren. 157 txirrindularik amaitu zuten proba.
Mendiko saria Invitec-Iturribero taldeko Hector Almagrok lortu zuen; bigarren izan zen Olaberriko gainean Xuban Gorroño, eta hirugarren Oinatz Idiakez. Tarteko helmugan, berriz, Occicent Miribilla taldeko Alvaro Taramona izan zen lehena, bigarren Adrian Loma, eta hirugarren Andoni Fermin Sanchez-Crespo. Talderik onena Lurkide-Aranur izan da, bigarrena Dimaq-Ipar Maquina eta hirugarrena Izozmendi Team.













