Euskal WikiEmakumeok I. Topaketaren "balorazio oso positiboa" egin du Aittuk
Larunbatean izan da, Igartzako jauregian, ia 25 emakumeren parte hartzearekin.
Euskal WikiEmakumeok I. Topaketan parte hartu duten kideak, Igartzako jauregian, joan den larunbatean.Aittu Euskara Elkartea Aittu Euskara Elkartearen Beasainpedia proiektuko arduraduna den Izaskun Salazarrek Euskal Wikiemakumeok I. Topaketaren “balorazio oso positiboa” egin du. Joan den larunbatean izan da topaketa, Igartzako jauregian. Durangoko, Ondarroako zein Oarso-Bidasoaldeko esperientziak ezagutu ahal izan dituzte bertaratu direnek.
Salazarrek azaldu duenez, 2020an hasi ziren Durangon Euskarazko Wikipedian WikiEmakumeok emakumezkoen biografiak idazten, eta harrezkero beste herri batzuetan ekin diote bide beretik: “Azken sei urteetan, haiek euskaraz hasitako proiektua Oiartzun, Arratia, Ondarroa eta beste hainbat herritara zabaltzen joan da”. Beasainen, azaroan eman zuten ezagutzera Durangoko proiektua, eta larunbatean horretan sakontzeko aukera izan dute: “Marisa Barrena, Maripa Garizabal eta Joxi Sierra Wikiemakumeok dokumentala Beasainen aurkeztera etorri ziren, eta topaketan elkartu garenon eredua den Durangaldeko taldearen indarra transmititu zuten topaketan, Oarso-Bidasoaldeako eta Ondarroako taldekideekin batera”.
Leire Artola alkateak egin zien ongietorria bertaratutakoei. Ia 25 emakumek WikiEmakumeok proiektuan egiten duten lana azaldu zuten, eta talde bakoitzak dituen hitzaldi, tailer eta zabalkunde lanen berri eman zuen. Egun, Salazarrek zehaztu duenez, 29.500 emakumezkoren biografiatik gora ditu Euskal Wikipediak, eta horietatik 13.000 Euskal WikiEmakumeek egindakoak dira.
Igartzako jauregiko emakumeak ezagutzen
Askotariko eragileek egin zuten bat topaketan: “Tere Irastortza idazlea ere bertaratu zen proiektuaren berri jasotzera. Hezkuntza alorretik Beasaingo ikastetxe desberdinetako irakasleek, proiektuak hezkuntzan izan dezaken erabilgarritasunari buruz gehiago jakiteko, martxan jartzen ari diren hainbat proiekturen berri eman zen”. Andramendi ikastolan hasi dira jada Wikipedian emakumeen biografiaz gain artikuluak Wikipedian eta Txikipedian idazten, eta La Salle ikastetxean, kale-izendegiaren lanketarekin batera, emakumezkoen kale izenen absentzia lantzeko bidea egiten ari dira. Unibertsitateko irakaslea den Itxaro Perez Urzelai beasaindarra ere bertaratu zen proiektuak eskaintzen dituen aukerak ezagutzera. BadaLabeko Leire Lison (Talaios kooperatibarekin eta Euskal Wikilarien elkartearekin elkarlanean Erronka digitala ikas egoeraren sortzailea) ere bertan izan zen.
Androzentrismoa aro digitalean desagertu den ala forma desberdinak hartu dituen galderaren inguruan hausnartu zuten parte hartzaileek Gizakariko Onintze Garridorekin. “Donna Harawyren arabera algoritmoak eta adimen artifiziala testuinguru sozial eta kulturaletan sortzen dira. Androzentrismoa aro digitalean ez da desagertu. Algoritmoetan, datuetan eta teknologia diseinuetan agertzen da. Honek WikiEmakumeok indartu eta aurrera egiteko beharra ezinbestekoa dela adierazten du, eta lehen topaketa honek izango dituela atzetik topaketa gehiago”, agertu du Beasainpediaren arduradunak.
Topaketa amaitzeko, Igartzako jauregiko emakumeak –Maria Lopitz Igartzakoa, Maria Igartzakoa, Isabel Lobiano eta Martina Irizar– ezagutzeko bisita gidatua izan zuten. Wikipedian biografia duten lau emakume horien historian oinarrituz, Igartzako gune monumentala ezagutu ahal izan zuten.


Euskal WikiEmakumeok I. Topaketa Igartzako jauregian, joan den larunbatean.Beasaingo Udala













