June Zubiri Espainiako Absolutu Txapelketan izango da
50 metro tximeleta proban lehiatuko da Ordizia Igeriketa elkarteko igerilari lazkaotarra. Asteazkenetik igandera bitartean jokatuko da, Sabadellen.
Espainiako Igeriketa egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatuko da datorren martxoaren 11tik 15era bitartean: Espainiako Absolutu Open Junior P50 Txapelketa. Sabadellen jokatuko da, eta Ordizia Igeriketak ere izango du bertan lehiatuko den ordezkari berezi bat: June Zubiri lazkaotarra.
Igerilari goierritar gazteak 50 metro tximeleta proban parte hartuko du, estatuko espezialista onenen artean lehiatuta. Abiadura handiko proba izaten da, eta oso lehiatua. Hartara, lazkaotarrak “bere kalitatea” eta “uretan duen eraginkortasuna” erakusteko aukera paregabea izango du.
Ordizia Igeriketa Elkarteak nabarmendu du asteburukoa “urrats garrantzitsua” izango dela igerilari gaztearen ibilbidean. Hala azaldu du komunikabideetara bidalitako oharrean: “Junerentzat aukera bikaina izango da hau, bai kirol mailan hazten jarraitzeko, bai maila handiko txapelketa batean esperientzia pilatzeko. Halako lehiaketek balio handia dute igerilarien garapenean, eta Sabadellen biziko duen esperientziak urrats garrantzitsua suposatu dezake bere kirol ibilbideari begira. Ilusio handiz jarraituko dugu bere parte-hartzea, eta klubak zorte onena opa dio txapelketari begira, egindako lan guztia uretan erakutsi dezan”.













