Maite Urteaga Euskadiko txapeldun, Seguran
Maite Urteaga Sorazuk (EUL) Claudia San Justo Mantecon taldekidearekin batera, erakustaldia eman du Seguran Euskadiko Txapelketa bereganatzeko. Izaro Etxarri Aranburu (EUT) izan da 23 urtez azpikoen mailako txapelduna.
Maite Urteaga Euskadiko txapelduna Segurako plazako helmuga gurutzatzen, atzo.Angel Elorza Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean jokatu zen atzo Seguran Euskadiko Emakumezkoen txirrindularitza Txapelketa 5. Emakumeen Segurako Sariaren baitan. Kirol proba aldarrikapena ere bihurtu zen, Martxoaren 8arebn testuinguruan.
Seguran lehiatutako txapelketak, Euskaldun Txapelketaren baitan, bi lasterketa eta lau txapeldun izan ditu. Kadete mailako lasterketan 68 txirrindularik parte hartu dute. Lehenengo kilometroan Baque-Movistar taldeko Uxue Santana Ibañezek erasoa jo zuen eta atzetik etorritako Ainhoa Plaza Amozarrainekin (IGA) batera lasterketa erdia ihesean egin zuten. Gabiriarako igoeran Ainhoa Plazak bakarrik alde egin zuen tropela gero eta hurbilago sentitzen zutelakoan. Azken 10 kilometroetan harrapatu zuen tropelak Plaza eta jarraian Santanaren beste bi erasoaldi etorri ziren. Tropelak orduan ez zuen tarterik onartu eta Zeraingo maldetara denak batera iritsi ziren. Zerainen gora Noa Vega Bilbaok (BAQ) erritmoa markatu zuen eta lasterketa burua murriztu zuen. Azken kilometroetan sei txirrindulari nabarmendu ziren eta sprintean Noa Vega izan zen azkarrena, Regina Gonzalez Somarribaren (OPG) eta Malen Yurrita Blancoren (ZKL) aurretik.
Bigarren lasterketan elite, 23 urtez azpiko eta junior mailetako txapelketak jokatu ziren. Hasierako kilometro bizien ostean, Lierniako mendatearen lehenengo igoeran erabaki zen lasterketa. Tontorrera iristear zirenean Maite Urteaga Sorazuk (EUL) erasoa jo zuen eta malda behera tartea ireki zuen Claudia San Justo Mantecon taldekidearekin batera. Hurrengo kilometroetan tropela txikitu bazen ere, Eulen-Amenabar taldeko bikotearen errenta gora eta gora egiten hasi zen. Vipeq taldea tiraka hasi bazen ere Lierniako bigarren igoeran ezberdintasunak bi minutuko langa gainditu zuen. Maldan gora Ane Zubeldia Peñagarikano (JRG) ahalegindu zen ihes egiten junior mailakoen txapelketaren borrokan. Zubeldiak ez zuen lortu ihes egitea eta behin zarauztarra neutralizatuta geldialdia egon zen. Azken itzulian lasterketa buruaren errentak goia jo zuen 4’10” -ko tartearekin.
Helmugan Maite Urteaga izan zen lehena txapelketa bereganatuz eta San Justo bigarrena Euskaldun Txapelketako lidergoan sendotuz. Hiru minutu geroago sartu ziren tropeleko lehenengo txirrindulariak eta sprintean Izaro Etxarri Aranburuk (EUT) 23 urtez azpikoen txapelketa bereganatu zuen. Junior mailan, Ane Zubeldia Peñagarikano (JRG) izan zen onena, laugarren postua lortuta scratchean.
- Ane Zubeldia junior mailako txapelduna. ANGEL ELORZA
- Noa Vega kadete mailako txapelduna. ANGEL ELORZA
- Maite Urteaga Euskadiko txapelduna Segurako plazako helmuga gurutzatzen, atzo.
- Izaro Etxarri 23 urtez azpikoen txapelduna. ANGEL ELORZA




























