Udalaren euskarazko udalekuetarako izen-ematea zabalik dago
Martxoaren 16ra arte eman daiteke izena. Uztailaren 1etik 10era izango dira udalekuak, Lekarozko Valle de Baztan Gazte Aterpetxean.
2025eko euskarazko udalekuetako argazkia.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak euskarazko udalekuetan izena emateko epea ireki du. 2013 eta 2017 urteen artean jaiotako 50 haurrentzako tokia dago, eta Beasainen erroldatutakoak lehentasuna izango dute.
Martxoaren 16ra bitartean eman daiteke izena, udalak webgunean jarri duen galdetegia beteta. Egonaldia uztailaren 1etik 10era izango da, Lekarozko (Nafarroa) Valle de Baztan Gazte Aterpetxean, natur ingurune paregabean eta giro euskaldunean.
50 haurrek baino gehiagok izena emango balute, martxoaren 17an zozketa egingo lukete. Posta elektronikoz jakinaraziko zaie izena eman dutenei zozketaren emaitza, eta onartuak izan direnei ordainketa egiteko modua eta epea adieraziko zaie. Seme-alaba batentzako prezioa 150 eurokoa da, birentzakoa 255 eurokoa. Familia ugarien kasuan, seme-alaba baten prezioa 120 eurokoa da, bi seme-alabentzakoa 225 eurokoa, eta hirurentzakoa 300 eurokoa.
Udalaren helburua udako aisialdia euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, baita familien kontziliazioa erraztea ere. Euskara, natura eta aisia uztartzen dituen egitaraua eskainiko da.













