Zundaketen aurkako ibilaldia egingo dute Idiazabalen, igandean
Goierrin bi zundaketa egin dituzte azken bi hilabeteetan. Udalei obra baimenak ez emateko deia luzatu diete. Plazatik irtengo da 11:00etan igandean zundaketen aurkako ibilaldia.
Edurne Huesa eta Mattin Intxausti STOP Zundaketak AHTrik ez! ekimeneko Goierriko ordezkariak gaur.Josune Zarandona STOP Zundaketak – AHTrik ez! ekimenak prentsaurrekoa egin du gaur eguerdian Idiazabalen azken hilabeteetan eskualdean egin diren zundaketei buruzko informazioa zabaldu eta datorren igandean, Idiazabalen zundaketa gehiagorik ez! lelopean Idiazabalen egingo duten AHTaren aurkako ibilaldiaren berri emateko.
Azken bi hilabeteetan Goierrin bi zundaketa egin direla jakinarazi dute: «Abenduaren erdialdera Olaberriko Arcelor Mittal enpresaren atzeko partzelan, eta urtarrilaren 14an eta 15ean, Idiazabalgo Aritzeder baserriko lurretan». Idiazabalen zundaketa berriak egingo dituztela baieztatu dute, «beste bi zundaketa berri egiteko asmoz dabiltza Idiazabalen eta duela gutxi, Altsasun (Nafarroa) hiru zundaketa egiteko baimenak ere eskatu dituzte», ohartarazi dute.
Zundaketa kanpaina hau AHTaren Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko lotura nondik egin zehazteko jarri zuten abian, «gaur gaurkoz, euskal y-koa eta Nafarroako korridorea nondik lotuko dituzten erabaki gabe dago: Gasteiztik (Araba) edo Ezkiotik; eta hori ebazteko egin ahaletan dabiltza zundaketa egitasmo honekin». Pasa den urteko urrian iragarri zuen Espainiako Garraio Ministerioak proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko 9 hilabetez luzatuko zen zundaketa kanpaina hau. «Inprobisazioa eta desinformazioa» salatu dute kanpainaren aurrean.
Bi aukera Ezkiorentzat
Ezkioko loturari dagokionez, gaur egun bi proiektu daude mahai gainean. Batak, Bakaikutik (Nafarroa) hasi eta Idiazabalera arte Aralar natur parkea zeharkatuko luke 21 kilometroko tunel baten bitartez. Bigarrenak, —3. bidea ere deitu diotenak— «Aralarko natur parkea inguratuko lukeela saldu diguten arren, Aralan mendilerroa edo Aralar-Aizkorri Aratz korridore ekologikoa zeharkatuko lituzke», azpimarratu dute. Azken aukera honen gaineko plano edo informaziorik ez dutela argitaratu ere salatu dute.
STOP zundaketak – AHTrik ez! herri ekimenak dei egin die Goierriko nahiz Sakanako (Nafarroa) udalei «zundaketen aurrean obra baimenik ez emateko». Bide batez, herritarrei eskatu diete, zundaketaren baten inguruko informazioa izanez gero, 656 711 130 telefonoan jakinarazteko.
Era berean, martxoaren 11 baino lehen, Landarlanen web gunean dagoen alegazioa sinatzeko gonbita ere luzatu diete, hala nahi duten goierritarrei; «horrelako proiektu txikitzaile eta zentzugabe batek ez bailuke lekurik izan behar», gaineratu dute. Amaitzeko, «gaia kalera atera eta borroka komunitatea sendotzeko» datorren igandean, martxoak 15 egingo duten ibilaldiaren berri eman dute. Idiazabalen zundaketa gehiagorik ez! AHTaren aurkako ibilaldia lelopean irtengo da martxa, 11:00etan Idiazabalgo plazatik. Gorrotxategiko granjaraino egingo dute handik eta bertan, Tantai baso jabe kooperatibako kide baten eta Idiazabalgo abeltzain baten hitzartzea izango da. Gero, ekitaldia egingo dute Idiazabalgo plazan (12:30) eta ondoren, bertsoak, musika, dantzariak eta txalapartariak izango dira.
Eguraldi txarra egingo balu, igande goizean zehar erabakiko da ibilaldia egin edo ez, eta ekitaldia Idiazabalgo frontoira aldatuko lukete.













