Curavacas eta Espigüete mendietara joango da Arrastaka
Parte hartu nahi dutenek martxoaren 12an 19:00etan Arrastakaren egoitzan egingo den bilerara joan behar dute.
Arrastaka Mendi Taldea Palentziako iparraldeko Fuentes Carrionas mendietara joango da martxoaren 19tik 22ra. Taldeak azaldu duenez, “Leon eta Kantabriara ere hedatzen da mendi sail hori, Kantauriko Mendizerraren parte dira”. Bi gailur garrantzitsuenetara igoko dira: Curavacas (2.524 metro) eta Espigüete (2.450 metro).
Martxoaren 20an Curavacas gailurrera joango dira: “Curavacas mendi deigarria eta ederra da: harri nahasketa berezia du, beltz-berdea, eta eguneko argi-motaren arabera, beltzago edo berdeago ikusten da”. Martxoaren 21ean, Espigüete igoko dute: “Mendi hau gainerakoetatik isolatuta dago, bakarrik, eta kareharri zurizko hegal dotoreak ditu”.
Irteeran parte hartu nahi dutenek martxoaren 12an 19:00etan Arrastakaren egoitzan egingo den bilerara joan behar dute, irteerari buruzko xehetasunak zehaztu eta zalantzak argitzeko. Parte hartzeko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.













