Eztiaren hiriburu bihurtuko da berriz Zegama, igandean
Erlezain eguna ospatuko dute Zegaman 26. aldiz, eta Gipuzkoako Ezti lehiaketa ere jokatuko da.
Erletik eratorritako produktuak ezagutzera eman eta erlezainek egiten duten lana balioan jartzeko helburuarekin ospatuko da datorren igandean 26. Erlezain Eguna Zegaman. Antolatutako askotariko ekintzen artean, Gipuzkoako ezti lehiaketa izango da erakargarri nagusietako bat. Iaz, Bergarako Carmen Etxeberriak irabazi zuen lehiaketa, eta goierritarrik ere egon zen podiumean, hirugarren postua eskuratu baitzuen Urretxuko Aitor Prietok.
Aurretik, urtero bezala, erlezaintzaren inguruko bi saio antolatu dituzte gaurko eta biharko Zegamako gaztelekuan. Gaur, Erlauntzeko produktuak erlauntzetik gorputzera izenburupean hitzaldia eskainiko dute Silvana Huegun nutrizionistak eta Urretxuko Aikurreko Aitor Otegi erlezainak. Bihar, Tantai baso kooperatibako kide Markel Arriolabengoa izango da gonbidatua, Basogintza erlezaintzaren ikuspegitik hitzaldia gidatzeko.
Igandea izango da, dena den, egunik beteena. Txistularien kalejirak emango dio hasiera egitarauari 10:00etan. Ordu berean irekiko da artisauen azoka eta baita Gipuzkoako gozogileek beste behin Zegamara eramango dituzten produktuen erakusketa ere kiroldegian. Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarrak ere bi saio egingo ditu eztia eta txokolatea uztartuta. Gorrotxategik urteak daramatza Zegamara joaten, Joxe Mari Gorrotxategi aitona eta Rafaela Pikasarri amona, biak zegamarrak ziren eta Rafarena Erlezain egunean parte hartzen duen Gorrotxategitarren hirugarren belaunaldia da, aita eta aitona ere joaten baitziren, aurretik.
Zazpi eskualdetako onenak
Gipuzkoako Ezti lehiaketaren 26. edizioa izango da aurtengoa eta 10:30etik kiroldegian izango dira lehiaketara aurkeztuko diren eztiak dastagai. Sari banaketa 13:30ean izango da leku berean. Zazpi eskualdetako —Tolosaldea, Goierri garaia eta behea, Bidasoaldea, Donostialdea, Urola eta Deba— 21 erlezain onenek parte hartuko dute. Sari banaketa amaituta Gipuzkoako gozogileen gozoak banatuko dituzte bertaratzen diren guztien artean.
Goizeko ekintzak amaituta, Erlezain eguneko beste klasikoetako bat izan ohi da arratsaldean egiten den bertso jaialdia. Kasino elkarteak antolatzen du urtero, Zegamako Udalaren kultura batzordearen babesarekin. Aitxuri herri eskolako gimnasioak izango da saioa 18:00etatik aurrera. Aurten, Xabat Illarregi, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak arituko dira oholtza gainean eta Imanol Artola Felix-ek egingo ditu gai jartzaile lanak.














