Goierriko Zentro Sozialistaren III. urteurrena ospatuko dute martxoaren 27an eta 29an
Martxoaren 27an bertso afaria izango da Andoni Egaña eta Txaber Altuberekin. Afarirako tiketak salgai daude.
Goierriko Zentro Sozialistaren I. urteurreneko irudia, 2024ko martxoan.Kontseilu Sozialista Goierriko Zentro Sozialistak hiru urte beteko ditu martxoaren 25ean. 2023ko martxoaren 25ean ireki zuten Beasaingo Ezkiaga pasealekuko 1. zenbakian eskualdeko lehen gunea, Legazpitik Legorretarainoko eremu geografikoari zerbitzua emateko helburuarekin. Gerora, bigarren gune bat ireki zuten, Legazpin, 2025eko azaroan: Larrosain Gune Sozialista.
Hori horrela, martxoaren 27an eta 29an Beasainen dagoen zentroaren hirugarren urteurrena ospatuko dute. Martxoaren 27an, ostirala, Euskara eta euskalgintza: nondik gatoz eta nora goaz mahai-ingurua izango da Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarekin eta Aitor Bizkarra Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kidearekin, 18:30ean. 20:30ean, aldiz, bertso afaria izango da Andoni Egaña eta Txaber Altuberekin.
Afarirako tiketak Beasaingo Xuber, Ordiziako Sugar, Zaldibiako Hogar, Urretxuko Soraluze eta Legazpiko Kukue tabernetan daude salgai. goierri@kontseilusozialista.eus helbidera ere idatzi daiteke tiketak eskuratzeko. 10 euroan daude salgai langabeentzat, eta 15 euroan langileentzat.
Martxoan zehar bilketa puntuak jarri ditu Kontseiluak Goierriko hainbat komertziotan, eta martxoaren 29an oinarrizko produktuen banaketa egingo dute, 17:00etan hasita. Kulturarteko luntxa eta tertulia ere egongo dira, baita haur txoko zerbitzua ere.













