‘Ordizia Mugimenduan’ ekimena igandean hasiko da
Taldea osatu dute dagoeneko, eta igandean hasiko da, Zuhaiztin. Bederatzi familiak parte hartuko dute, baina dinamikak irekita segitzen du.
Pentsatzetik ekitera, eta planteamendutik errealitatera. Igandean abiatuko da urtarrilean aurkeztutako ‘Ordizia Mugimenduan’ programa pilotua, aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako aisialdi eta gizarteratze egitasmoa. Taldea osatuta dago jada, eta aurreneko fase honetan bederatzi familiak parte hartuko dute. Bi orduko saioa egingo dute, Zuhaizti gizarte zentroan, 11:00etatik 13:00etara. Ordiziako Udalak Batera Aske kooperatibarekin elkarlanean abiarazitako ekimena da.
Egitasmoaren aurkezpen ofiziala urtarrilean egin zuten, programan parte hartuko duten gazteekin eta haien familiekin. Lehen topaketa hark elkar ezagutzeko eta parte-hartzaileen behar espezifikoak identifikatzeko balio izan zien, eta eurekin batera adostu dute saioak igande goizetan egitea. Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko Ongizate zinegotziak azaldu du Ordizik bazuela horrelako ekimen bat garatzeko beharra: «Ordizia oso herri anitza eta dinamikoa da; ekintza mordo bat antolatzen dira sail ezberdinetatik, baina bagenuen hutsune eta behar hau. Aurrez ez zegoen zehazki inklusioa bideratzen zuen ekintzarik edo aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako espaziorik».
Jimenezek gaineratu du zubiak eraikitzeko ere beharrekoa den ekimena dela: «Ez dugu ekintza isolatu bat izatea nahi. Gazte hauei beraien espazio propioa eman nahi diegu, ondoren komunitatean ere parte hartzeko aukerak eskainita».
Sormena eta mugimendua
Oskar Rodriguez Batera Aske Kooperatibako koordinatzailea arduratuko da saio hauek dinamizatzeaz, eta osatu berri duten taldearen izaeraren eta funtzionamenduaren inguruan mintzatu da. Talde «anitza eta potentea» eratzea lortu dutela ziurtatu du. Hasierako saioetan talde-sentimendua sortzea izango da lehentasuna, eta gutxika-gutxika joango dira ‘Ordizia Mugimenduan’ programa izango dena sortzen: «Toki bakoitzean gauza ezberdin bat eramaten dugu aurrera, baina horretara gaztoz. Espazio zurian nahi duguna idaztera».
Saioek, bestela, sormena eta mugimendua izango dituzte oinarri, eta arte diziplina ezberdinak erabiliko dituztela azaldu du Rodriguezek, «modu transbertsalean» garatuko dituztenak. Erabakiak ere «horizontaltasunez» hartuko dituztela ziurtatu du, eta taldearen koordinazioan dinamizatzaile gisa laguntzen arituko badira ere, parte-hartzaileen garrantzia azpimarratu du: «Gure lana gauzak gertatzeko piezak jartzea izango da, baina haiek ere izango dira protagonistak».
Ateak irekita
Lehen saio honetan bederatzi familiek parte hartuko duten arren, egitasmoak irekita jarraitzen duela nabarmendu du Jimenezek. Hartara, interesa duten familiek oraindik ere egitasmoarekin bat egiteko aukera izango dute. Izena emateko edota egitasmoaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko, bi bide jarri dituzte herritarren eskura: bash@bateraaske.com helbidea eta 680155746 zenbakia.













