Ilarrak, Idiazabal gazta eta Arabako ezti saltzailea, gaurko berritasunak ferian
Aramako ilarra, Lazkaoko Ixidro izeneko Idiazabal gazta eta Lezako Aroma de Abeja eztia aurkeztu dituzte. Bisitarien artean, Maizpide barnetegira euskara ikastera etorritako jubilatu taldea nabarmendu da.
Berritasunez eta bisitariz beteriko feria eguna izan da gaurkoa Ordizian. Urteko lehen ilarrak eta tipulinak iritsi dira, Goierri bertatik, eta Arabatik, ezti saltzaile berria, erle eta guzti. Bisitarien artean urrutiagokoak ere izan dira, Maizpide barnetegira euskara ikastera etorritakoak.
Ilarrak, Aramakoak izan dira aurtengo lehenak. Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabak aurkeztu dituzte, eta 15 euroan jarri dituzte salgai. Maravilla motako ilarrak dira, eta esan dutenez, aire librekoak, Aiesta Beltza baserriko lurretan hazitakoak. Joseba semearekin erosketak egiten ari zen Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak eraman ditu denak goiz erdialdean.
Maria Jesus Oriak salgai jarritako tipulinak lehenago saldu dira. Tipulin zuriak ziren, aire librekoak, eta kiloa 3 euroan jarri du salgai itsasoarrak.
Idiazabal gazta berria
Idiazabal etiketadun gazta ere iritsi da azkenik. Badira aste batzuk ardi esnearekin egindako gazta berria aurkeztu zutela, baina Idiazabal etiketaduna falta zen, eta gaur iritsi da hori ere. Ana Etxeberriak jarri du salgai, Arizmendi gazta saltzaileen postuan, udaletxe azpian. Ixidro markako gazta da hau, Lazkaoko Borda Berri baserriko Iker Sukiak egindakoa. Kiloa 24,5 euroan jarri dute salgai.
Etxeberriak, bestalde, Amezketako Oteiza Goikoa etxekoek egindako gazta zaharra ere aurkeztu du. 250 gramoko terrinetan dauka salgai, 7.50 euroan. Beste gazta berri bat ere erantsi du bere eskaintzara: behi, ardi eta ahuntz esnearekin egindakoa, Cameros markakoa, Errioxakoa, kiloa 19,5 euroan.
Eztia, Arabatik
Eta postu berri bat ere badago ferian gaurtik. Arabako Leza herriko Ander Abaitua erlezainarena eta Maite Yanizena da. Eztia eta erlearekin zerikusia duten produktuak dituzte salgai, Aroma de A beja markarekin. Erle eta guzti hasi dute Ordiziako jarduna!
Ezti gutxi dute dagoeneko, txilar eta artearekin egindakoa bakarrik, kiloa 15,9 euroan. Pote txikiagoan ere badute ezti hori, 400 gramokoa, 7 euroan. Baita kutixia bat ere: eztia boilur beltzarekin nahastuta. Pote txikian ontziratuta dago, 130 gramokoa eda, eta prezioa, 10 eurokoa.
Orain erleekin lan handia dutela azaldu du Yanizek, eta ekain inguruan ezti denboraldi berriarekin hasiko direla aurreratu du. Orduan ekarriko dituzte ezti mota gehiago.
Bestela, kosmetika produktuak ere badituzte: aurpegirako eta eskuetarako kremak, ezpainetarako kakao barrak, eta xaboiak. Goxokiak ere saltzen dituzte, eta kandelak ere bai, forma desberdinetakoak. Bezeroaren eskariari moldatuta, produktu loteak egiteko prest daude.
Bisitari ugari, eta bereziak
Gaurko egunak bisitari ugari utzi ditu Ordiziako feriak, eguraldiak asko lagundu ez badu ere. Batetik, Donostiako Helduen Hezkuntza Zentro bateko 16 ikasleko taldea ibili da Plaza Nagusian postuz postuz, D’Elikatuz zentroko gidariek lagunduta. Eta feria ezagutzeko D’Elikatuzek eskainitako bisita eta jarduerak baliatu dituzte baita ere Errenteriako Tellerialde ikastetxeko DBH2ko ikasleek.
Bestelako bisitariak ere izan dira ferian, Lazkaoko Maizpide barnetegian euskara ikasten ari den ikasle talde bat. Bederatzi lagun ziren, adinduak guztiak, eta toki askotakoak: Lapurdikoak, Zuberoakoak, Nafarroakoak, Gipuzkoakoak eta Kataluniakoa, honako hau Bartzelonako Centelles herriko emakumea. Asier Iriondo irakasle legazpiarrarekin hurbildu dira feriara gaur, bazkarirako erosketak egitera eta, bide batez, mintza praktika egitera. Gustura asko ibili dira han eta hemen erosten, eta saltzaileekin berriketan.


















