Lagun arteko hitz aspertutik antzokiko oholtza piztera
ZEK Zaldibiako Ekintza Kulturala taldeak urtebete pasa darama Herri Antzokian kontzertuak antolatzen. Herri txikietako eszena eta aretoa bera sustatu nahi dituzte.
Imanol Erauskin, Iñaki Perez, Aratz Etxeberria eta Iban Pajares, ZEK taldeko kideak. Hitza Nostalgiatik egon badago zerbait, baita gaur egungo euskal musikaren eszenaren egoerara eta norberarenera egokitzeko ahalegina ere. Joan den urte hasieran ekin zion ZEK Zaldibiako Ekintza Kulturalak taldeak Herri Antzokian kontzertuak antolatzeari, eta haien lan dinamikaz eta hamabost hilabeteok emandakoaz hitz egin dute lerrootan.
«Musikaren munduarekin urteetan gertuko harremana izan dugun lagun talde bat gara, bai musika taldeetako partaide izateagatik, bai zuzeneko kontzertuak antolatu izanagatik ere. Zaletasun hori tarteko, herrian zuzeneko kontzertuen falta sentitzen genuen. Garai batean eskaintza zabala egon zen herrian, batez ere antzokian, eta orduan egon zen dinamika berpiztu nahi dugu», adierazi dute ZEK taldeko kideek. Gaur egun laukote bat da langintza horretan ari dena. Honakoak: Imanol Erauskin, Iñaki Perez, Aratz Etxeberria eta Iban Pajares. «Aurreneko kontzertuetako esperientziatik ikasi dugu, eta lanak ondo banatuta dauzkagu. Neurria hartu diogu».
Emanaldiak bi hilean behin
Hasi eta berehala ez itotzea, horixe ere bazuten helburu, eta koska hori gaindituta «gustura» dabiltza. «Lagun talde bat gara, eta ikuspegi bera dugu laurok. Bi hilabetean behin kontzertu bat antolatzeko dinamika daukagu. Maiztasun egokia dela uste dugu, bai herriarentzat bai guretzat». Dagoeneko 2026ko agenda «itxi antzera» dute, eta hurrengo urterako «taldeak lotzen» ari dira. «Taldeek nola funtzionatzen duten ere ikasi dugu. Perspektiba hori ere eduki beharra dago».
«Makro kontzertuen aroan, beste zerbait ere badagoela erakutsi nahi dugu, gertukoa eta xumeagoa»
ZEK taldea
Taldekideek gogoan dute «gaztetxeek sekulako sarea» osatu izan dutela zuzeneko kontzertuen agendan, eta talde hasi berriak zein ibilbide luzekoak nonahi ikus zitezkeela. «Hori galdu egin da. Gure iritziz eszena txiki honetatik hasten da dena, bai biharko egunean iraungo duten taldeen ibilbidea bai euskal musika entzun eta kontsumitzen jarraituko duten pertsona guztiena ere. Makro kontzertuen aroan, beste zerbait ere badagoela erakutsi nahi dugu, gertukoa eta xumeagoa».
Antolakuntzak berak «denbora eta dedikazioa» eskatu arren, orain artekoaren «balorazio oso onak eta jendearen erantzunak» aurrera egiteko indarra eman die. Herri mailako ekintzetan parte hartzeko eta edozein kolaboraziotarako prest daude taldekideak.
Antzokia ezagutzera eman
Zaldibiako Herri Antzokian euskal eszenako «puntako» taldeek jo zuten XX. mendeko lehen hamarkadan, eta jakitun diren arren egoera aldatu dela, antzokiari ikusten dioten potentzialitatea ere sustatu nahi dute. «Areto egokia da, 250-300 lagunentzako tokia du, soinua ere oso ona da. Bere egunean taldeek deitzen zuten hemen jo nahi zutela esanez, eta orain ere antzeko zerbait lortu nahi dugu». Ekonomikoki «onartu» ditzaketen eta jendearen arreta pizten duten taldeekin kartelak osatzen jarraituko dute.

Maskak eta Bele Raven ostiraleko kontzertuan
Urtarrilaren 23an Esanezin eta Bengo taldeekin antzokia espero ez bezala bete ondoren, etziko antolatu du ZEK taldeak 2026ko urteko bigarrena: Maskak eta Bele Raven. Sarrerak 12 euroan eros daitezke aurrez, eta 15 euroan leihatilan.
Maskak Itsasu (Lapurdi) eta Bidarraiko (Nafarroa Beherea) lau musikarik osatzen dute, eta Ziklikoa izeneko bigarren diskoa aurkezteko kontzertu birari ekin zioten joan den ostiralean Ezpeletan (Lapurdi). Mila lagun elkartu zituzten.
Lide Hernando musikari donostiarraren proiektua da Bele. Zaldibiako kontzertuan Bele Raven ikuskizuna egingo du Iñaki Etxarri bateria-jotzailea soilik duela lagun, eta elektronikari eta dantzagarritasunari garrantzi gehiago emango diote.














