Ordiziako eta Urruñako ikastolen arteko topaketa
Ordiziako Jakintza Ikastolako 80 bat guraso eta ikaslek, Urruñako (Lapurdi) ikastolako kideekin egun pasa egin dute, bi ikastolen arteko harremanak sendotzeko eta elkartasuna adierazteko helburuarekin.
Jakintzako eta Urruñako kideak.Jakintza Ikastola. Pasa den larunbatean, martxoaren 7an, Ordiziako Jakintza Ikastolako 80 ikaslez eta gurasoz osatutako talde bat, Urruñan (Lapurdi) izan zen, bertako ikastolarekin harremanak sendotzeko eta elkartasuna adieraztezko helburuarekin. Jakintza Ikastolako kideen esanetan, “topaketa bi ikastolen arteko loturak estutzeko eta komunitateen arteko elkarlana indartzeko balio izan zuen”.
Oraingoan Jakintzakoak Urruñara joan badira ere, Urruña eta Ziburu ikastolako partaideak Ordizian izan ziren abenduan, “LH3koek bultzatutako egitasmo bati esker”.
Ez da egitasmo berria
Bi ikastolen arteko topaketa urtez urte errepikatzen da eta larunbateko eguna ere “giro ezin hobean” igaro zuten, “parte-hartzaileek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin egoteko aukera izan baitzuten”.
Egunari hasiera Jakintza Ikastolako haurren dantza emanaldi batekin eman zioten. “Hortxe izan genituen gure txikienak ilusioz beterik euskal kantak abestuz nahiz dantzatuz”. Elkarrekin bazkaldu ondoren, jolas kooperatiboak egin zituzten. Amaitzeko, egunari bukaera biribila eman zitzaion Janus Lester musikariaren kontzertuarekin.
“Laburbilduz, topaketa honetan bi ikastetxeen arteko harremanak indartu ziren, baita parte-hartzaileen laguntasuna eta elkartasun-sentimendua bultzatu ere. Beraz, festa giroan euskal kultura eta komunitatearen balioak elkarrekin bizitzeko aukera paregabea izan zuten”.












