Kirola Elkarrekin, Atzegik gonbidatuta
Igandean, 500 kirolaritik gora elkartuko dira Legazpin, festa giroan kirola egiteko. Ohi bezala, herriko hainbat kirol elkarteren eta norbanakoen laguntza izango dute.
Igandeko Kirola Elkarrekin festan parte hartuko duten Atzegiko kide legazpiarrak.Tere Madinabeitia Iritsi da Kirola Elkarrekin egiteko eguna. Atzegi elkarteak deituta, desgaitasun fisikoa eta mentala duten kirolariak eta desgaitasunik gabekoak Legazpin elkartuko dira, igandean. Kirola Elkarrekin topaketaren 14. aldia izango da.
Atzegiko elkarteko legazpiarrak irrikan daude igandeari begira, beste herri batzuetako lagunekin elkartzeko eta gainerako legazpiarrekin festa egun hori partekatzeko.
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 15 elkartek parte hartuko dute aurten, 500 kirolari inguru, herriko asko horien artean. Zortzi kirol modalitate praktikatzeko aukera izango dute goizean zehar, Legazpiko kirol elkarte batzuen laguntzarekin. Aurten ere igeriketa, futbola, mendi ibilaldia, pala, bola jokoa, indoor zikloa, zumba eta saskibaloia eskaini dituzte.
Legazpin, urtero
Kirol mailan pertsona guztien inklusioa bultzatzen du Kirola Elkarrekin festak, izan desgaitasuna edo ez. Legazpin hasi zen ospatzen duela urte batzuk, eta izandako harrera eta arrakasta ikusita, urtero egiten da ordutik, martxoan.
Aurten 14. aldiz ospatuko da, beti bezala herritar eta elkarte ugariren inplikazioarekin. Ez dira faltako Izadi Zaleak mendi taldeko kideak, Legazpi Igeri Elkartekoak, Ilintxa futbol klubekoak, Legazpiko Gazteak Pilota Eskolakoak, Danantzako bola elkartekoak eta Andraitz saskibaloi klubekoak. Gipuzkoako Konporta, Askatuak, Izarraitz, Mindara, Zarautz eta Kirol Egokituen Federazioa, Arabako Aspace eta Bizkaiko Gorabide elkarteek ere parte hartuko dute.
Kirola Elkarrekin 09:30ean hasiko da udal agintarien eta Atzegiren ordezkarien harrerarekin, eta 10:00etan hasiko da kirol jarduna. 14:00etan bazkaria izango dute Gizarte Zentroan, eta bazkalondoko dantzaldiarekin amaituko da festa 16:00etan.
EGITARAUA
Festaren hasiera
Udal agintarien eta Atzegiko ordezkarien ongi etorria: 09:00etan.
Kirol jarduerak, 09:30ean
– Futbola: Irene Paredes Kirol gunean.
– Saskibaloia: Bikuña kiroldegiko kantxan.
– Bola-jokoa: Danantzako bolatokian.
– Igeriketa: Kiroldegiko igerilekuan.
– Indoor zikloa: kiroldegian.
– Zumba: kiroldegian.
– Mendi martxak: Telleriarte-Olaberria eta Olaberria-Atagoiti-Mantxola.
– Pala: Urbeltz pilotalekuan.
Bazkaria
Gizarte Zentroan: 14:00etan.
Dantzaldia
Gizarte Zentroan: 15:00etan.
Festaren amaiera
Agurra eta autobusen irteera: 16:00etan.













