KGT Kolektiboa kurtso berriari heltzeko prest
Bihartik aurrera ohiko ordutegian zabalik egongo da, eta orain arteko dinamikarekin jarraituko du, gai jakinen inguruan monografikoak osatuz eta IraziGune ibiltariak eginez.
Lutxi Irazigunea, Ordiziako Dorrea etxean. Kerman Garralda Zubimendi Bihartik aurrera, KGT Kolektiboak bere jardunari ekingo dio berriro, kurtso berrirako aurreikusitako ekintzekin jarraitzeko. Hala, ohiko ordutegian zabalduko dute berriz ere Ordiziako KZgunearen ondoan dagoen Lutxi IraziGune lokala. Astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldez egongo da zabalik, 17:00etatik 19:00etara; astearte, ostegun eta larunbatetan, berriz, goizez, 11:00etatik 13:00etara.
Orain arteko dinamikarekin jarraituko dute. Bi hilabetez behin, gai jakin baten inguruko monografikoa osatzen dute, eta horri buruzko materiala herritarren eskura jartzen dute: liburuak, aldizkariak, ikerketak eta abar. Irailean eta urrian zehar, ‘Munduko Pentsamendua eta Euskal Pentsamendua: Filosofia’ izango dute aztergai.
Era berean, IraziGune Ibiltaria proiektuarekin ere aurrera jarraituko dute, Goierriko herrietan zehar KGT Kolektiboan egiten ari diren lana zabaltzeko asmoz. Dagoeneko iragarri dute zein izango den hurrengo topalekua: Legorreta. Bertako udaletxeko areto nagusian izango dira irailaren 14tik urriaren 2ra bitartean, hiru astez, 17:00etatik 19:00etara. ‘Euskal Herriko memoria eta historia’ izango dute hizpide, eta herritarrek gai horren inguruan kolektiboak bildutako materiala bertan kontsultatzeko edo etxera eramateko aukera izango dute.













