38 herrialdetatik iritsitako bisitariak jaso ditu Goierrik aurtengo udan
Uztaila «nabarmen» hazi da turismoaren aldetik, eta abuztua iazko kopuru antzekoetan itxi da. Euskal Herritik kanpoko bisitarien kopurua «inoiz ikusi gabekoa» izan da.
Goranzko joera izan du turismoak Goierrin aurtengo udan, batez ere uztailean. Hala ondorioztatu du Goitur Goierriko Turismo Agentziak ondu berri duen udako balantzean. Turismo bulegoetan eta museoetan bisitari gehiago izan dira uztailean, bereziki Euskal Herriaz kanpoko turisten etorrerak bultzatuta. Goiturrek adierazi duenez, eskualdean «inoiz ikusi gabekoa» izan da aurtengo udan. Abuztuan, berriz, iazko kopuruaren antzeko bisitari kopurua izan dute turismo bulegoek.
Ostatuen okupazioak ere gora egin du uztailean. Hoteletan eta pentsioetan kasu askotan %90 ingurura iritsi da, eta gorakada alojamendu mota guztietan nabaritu da, nekazalturismoetan eta landetxeetan okupazioa txikiagoa izan bada ere. Uztailean ohikoak izaten dira negozio eta enpresetako turistak, baina aurten aisialdiko turismoaren hazkundea ere nabarmendu da.
Abuztuan, berriz, hoteletako eta pentsioetako okupazioa iazkoaren antzekoa izan da, kasu gehienetan %90etik gertu. Hilabeteko azken asteak, ordea, eragina izan du datuetan, erreserba kopurua txikiagoa izan baita. Nekazalturismoetan eta landetxeetan ere okupazioa zertxobait apalagoa izan da. Horrez gain, zenbait hotelek Goierriko enpresa handietan mantentze-lanak egitera etorritako langileak hartu dituzte.
Herritartasun ugarikoak
Aurtengo udako datuen artean, Euskal Herriaz kanpoko turismoaren hazkundea da Goiturrek gehien nabarmendu duen joeretako bat. Abuztuan, esaterako, alojamendu batzuetan bisitarien %30 eta %40 artean izan dira. Turista horiek, gainera, egonaldi luzeagoak egin dituzte Goierrin, eta eskualdeko museo eta ekipamendu turistikoetara ere jo dute. Guztira, 38 herrialdetatik iritsitako bisitariak jaso dituzte udan. Frantziatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Kataluniatik eta Madrildik etorritakoak nagusitu dira bereziki, beste batzuen artean.
Euskaldunak ere bai
Euskal Herriko bisitariek ere presentzia izan dute eskualdean. Turismo bulegoek azaldu dutenez, euskaldun askok Euskal Herrian barrena bidaiatu dute udan, eta eguneko txangoak egiteko baliatu dute Goierri. Horrek eragina izan du museo eta ekipamendu turistikoetan izandako bisita kopuruan.
Naturak eta kulturak erakarrita iritsi dira bisitari asko eskualdera. Ohiko profilaren arabera, goizean mendi-ibilbideak egin dituzte, eta arratsaldean, berriz, museoetara edo beste ekipamendu turistiko batzuetara joan dira.
Zenbait faktoreen eragina
Uztailaren eta abuztuko lehen hamabostaldiaren ezaugarri nagusietako bat izan den bero handiak, kasu, eragina izan du turismoaren jardueran. Goiturrek uste du tenperatura altuek bisitari kopuruaren igoera handiagoa mugatu ahal izan dutela, bero handieneko egunetan batez ere arratsaldeetan turista gutxiago ibili baitira, oro har. Bestalde, turismo bulegoek Ehunmilak proben falta ere sumatu dute. Aurreko urteetan proba horiek erakarri ohi zuten bisitari kopuruari erreparatuta, haren eragina falta izan dela adierazi dute.
Azkenik, batez besteko egonaldiak zertxobait behera egin du, eta bi eta lau gau artekoa izan da nagusiki. Hala ere, zazpi egunetik gorakoak ere izan dira alojamenduetan. Bitxikeria gisa, abuztuko eklipseak ere turismo-fluxu berezia ekarri du Goierrira. Errioxan eta Gaztelan ostatu hartuta zeuden atzerriko turista ugarik egun bateko txangoa egin zuten eskualdera, Goierri eta Idiazabalgo mundua ezagutzera.













