Arantzazura erromesaldia
Asteburuan egingo dute erromesaldia Segura, Zerain eta Mutiloako bizilagunek. Parte hartu nahi dutenek izena emateko azken eguna dute asteazkenean.
Mutiloa, Zerain eta Segurako bizilagunak iaz Urbian, Arantzazuko erromesaldian. Pello Agirrezabal Urteetako ohiturari jarraituz, Arantzazura erromesaldia egingo dute asteburuan Segura, Zerain eta Mutiloako bizilagunek. Irailaren 5ean eta 6an emango diote jarraipena usadio zaharrari eta parte hartzaileek hainbat aukera izango dituzte Arantzazura gerturatzeko, oinez zein autobusez.
Irailaren 5ean, larunbata bi aukera izango dira Arantzazura joateko. Batetik, Arantzazura oinez joango diren segurarrak 6:00etan irtengo dira herriko plazatik eta bidea Aldaolan hasiko dutenak, 9:00etan hartuko dute autobusa plazan eta 10:00ak inguruan elkartuko dira oinezkoekin San Adrianen. Zerainen, 8:00etan egin dute hitzordua oinezkoentzat, plazan eta 9:00etan kotxez Aldaolaraino joango direnentzat. Ohar batean adierazi dute, Aldaolara joateko kotxea eramateko boluntarioak behar direla.
Itzulera arratsaldean
Segura, Zerain eta Mutiloako erromesak Urbiara bidean elkartuko dira eta bertan bazkaria egingo dute elkarrekin. Aurten fonda itxita dagoenez, norberak eraman beharko du bere bazkaria. Elkarrekin egingo dute baita ere Arantzazura arteko bidea jaisterakoan(16:30) eta ohiko elizkizunaren ondoren, 19:00etan hartuko dute Arantzazun etxera itzultzeko Segurako, Zeraingo eta Mutiloako udalek bigarren urtez batera antolatu duten autobusa.
Irailaren 6an, igandean egingo dute erromesaldiaren bigarren zatia. Kasu honetan, 10:00etan irtengo da Segurako plazan Arantzazurako autobusa, zeraindarrek eta mutiloarrek ere bertan hartuko beharko dute. Goiza Arantzazun igarota Hospederian bazkaltzeko aukera izango da eta itzultzeko autobusa 18:00etan abiatuko da Arantzazutik.
Izen emateak
Seguran asteazkena izango da erromesaldian parte hartu nahi dutenentzako izena emateko azken eguna, estankoan. Autobuseko joan etorriak 7 euroko prezioa du eta estankoan ordaindu beharko da aldez aurretik. Hospederiako bazkaria —bertan ordaindu beharko da— 25 eta 30 euro ingurukoa izango da. Zeraindarrek Mari Karmen Mendizabali deituta (676 447 680) eman ahal izango dute izena eta Mutiloan, udaletxean.













