Eneko Goibururen gaztak irabazi du Elgoibarko gazta txapelketa
Larunbatean egin zen txapelketa Elgoibarko San Bartolome jaien baitan. Olaberriako Aizpea gaztandegiarentzat izan zen hirugarren saria.
Aizpeako Eli Arrillaga eta Ondarreko Eneko Goiburu Elgoibarren, saria jasotzen. Hitza Goierriko gaztak Elgoibarko San Bartolome jaietako gazta txapelketan protagonista izan dira asteburuan. Herriko jai nagusien baitan, Baserritarren Eguna ospatu zuten larunbatean eta urtero bezala, sagardo eta gazta lehiaketak jokatu zituzten bertan. Segurako Ondarre baserriko Eneko Goibururen gaztak irabazi zuen txapelketa eta Olaberriako Aizpea gaztandegia sailkatu zen hirugarren postuan. Kortariako gaztak jaso zuen bigarren saria, iazkoan irabazle izan zen gaztandegiak.
Kalamua elkarteak antolatzen duen gazta lehiaketaren 64. edizioa izan zen larunbatekoa. Garaipen honi esker, urte bukaeran Elgoibarrera itzultzeko aukera eskuratu du Eneko Goiburuk, Urteko Gaztarik Onena aukeratzeko lehiaketan lehiatuko baitira txapelketaren bat irabazten duten gaztagileak urteko azken larunbatean ospatzen den Gabon Zahar Feriaren barruan egiten den lehiaketan. Goiburuk, hain zuzen, 2023an irabazi zuen lehiaketa hori.













