Gabiriako festetako gertakari jakin batzuk salatu ditu udalak
Lagun talde bat Gabiriako festak "boikoteatzen" aritu dela salatu du udalak. Herriko jaien aurkako erasorik ez dutela onartuko aldarrikatu dute, eta aurrerantzean ere errespetuzko jai herrikoien alde lanean jarraituko dutela berretsi.
2025eko Gabiriako festetako txupinazoa.Tere Madinabeitia Gabiriako udalak zein herriko beste hainbat eragilek jaietako gertakari jakin batzuk salatu dituzte. Sare sozialetan gaur argitaratu du komunikatua udaleko kontuak.
Gabiriako festak aurten ere “bikainak eta jendetsuak” izan direla baloratu du udalak. Gaineratu dute herritarren partehartze “ikaragarria” izan del. Hala ere, festen “lehen egunetik azkenekora” izan diren gertakari hauek salatu nahi ditu udalak: “Seinaleetan pintadak egitea, herriko umeei petardoak botatzea, komun publikoak apurtzea, txosnako langileak oztopatzea, edariz eta bonbonaz betetako txosnako biltegiari petardoak jaurtitzea, abuztuaren 14ko kontzertuak behin baino gehiagotan etenaraztea eta azkenik lehenago bukaraztea soinu teknikariei kontrol mahaira petardoak eta musikariei edalontziak zein izotzak jaurtitzeagatik, abuztuaren 16an txosnara eta jendartera basoak bota zituzten eta soinu tekniariei zigarroak bota zizkieten kontrol mahaira eta txosnatik batzuek edariak ordaindu gabe alde egitea”.
Udalak dio ez dela gertakari “isolatu” bat eta ekintza horien atzean lagun talde berdina dagoenez uste dute “larriak eta salatu beharrekoak” direla. Lagun talde horretan 18-25 urte bitarteko gazteak daudela adierazi dute. Festen antolatzaileak diote behin baino gehiagotan hartu dietela kargu baina berdin jarraitzen dutela.
Errepikatzen den kontua
Gabiriako udalak horrelako ekintzak egiten dituzten lehen urtea ez dela azaldu du: “Azken urteetan antzeko egoera puntualak sortu dituzte, baina aurten muga guztiak gainditu dituzte”. Antolatzaileak ez daude prest hainbeste “mimoz” antolatzen dituzten festak haien erruz “izorratzeko”. Gaineratu dute ez dutela ulertzen nola diren gai “ondoko herrira” joan eta festak horrela “boikoteatzeko”.
Festa herrikoien aurkako erasorik ez dutela onartuko aldarrikatu dute, eta aurreantzean ere jai herrikoeien alde lanean jarraituko dutela: “Errespetuzko jaiak nahi ditugu eta jakin horrelako portaerak ez direla ongietorriak gurean”.













