Antzizar Kiroldegiaren app berria aurkeztu dute
Mugikorreko aplikazio berriak entrenamendu eta nutrizio aholku pertsonalizaturako aukera eskainiko die bazkideei. Kirola Plus abonuaren bidez, ikastaroetako klaseak modu malguan aukeratzeko aukera izango da.
Jorge Garcia, Leire Artola eta Elena Ruiz, Antzizar kiroldegiko aplikazio berriaren aurkezpenean.Laida Goiburu Antzizar Kiroldegiaren app berria sortu dute, eta gaur aurkeztu dute Beasaingo udaletxean. Bazkideentzako aplikazioa da, eta handik aukera emango zaie Antzizar Kiroldegiko zerbitzuen berri mugikorrean izateko. Hartu-emana gertuagoa izan dadin ahalbidetzeaz gain, abonu berezi baten bidez aukera eskainiko du ikastaroetako klaseak 24-48 ordu lehenago erreserbatzeko lekua baldin badago.
Antzizar Kiroldegiko instalazioak kudeatzen dituen Masquatro enpresako Jorge Garcia arduradunak azaldu duenez, urte hasieran martxan jarritako sistema baten jarraipena da mugikorrerako aplikazioa. Bazkideen kudeaketarako sistema modernizatu zuten webgunearen bitartez, bazkideek webguneko Abonatuak atalean sartuta haiek kontratatutakoen berri izan zezaten: datuak, notifikazioak, ordainketak… Aplikazioarekin batera, Kirola Plus abonua jarri dute martxan, eta haren bidez, ikastaroetako klaseak modu malguan aukeratzeko aukera izango da. Malgutasun hori dela-eta, kuota garestiagoa da.
Sistema operatiboaren hizkuntzan
Erreserbarako aukeraz gain, beste aukera batzuk eskainiko ditu app berriak: “Notifikazioen bidez hartu-eman bat izango dute, eta QR-a tornoetan jarrita sartu ahal izango dira instalazioetara”, azaldu du arduradunak. Helburu nagusia erabiltzaileen artean kirol jarduerak sustatzea da, eta hori bultzatzeko, mugikorreko aplikazio berriak entrenamendu eta nutrizio aholku pertsonalizaturako aukera eskainiko die bazkideei.
Aplikazioa euskaraz eta gaztelaniaz konfiguratu daiteke, baina automatikoki ezartzen du mugikorraren sistema operatiboaren hizkuntzan. “Oso intuitiboa da, erraz konfiguratu daiteke eta kiroldegian ez ezik kanpoan ere kirola egiteko aukera bultzatzen du, entrenamendu pertsonalizatuen bidez”.

Jada martxan dago aplikazioa. Korreo elektroniko bat bidaliko diete erabiltzaile guztiei deskargatzeko aukera eskainiz. Antzizargo erabiltzaile datu berak erabiltzen ditu aplikazioak, eta sistemak erabiltzaile bat bazkide dela baieztatzen duenean zerbitzuetara sarbidea bideratuko du zuzenean.
Bazkide kopurua berreskuratzen
Elena Ruiz kirol zinegotziak azaldu duenez, pandemiaren ondoren bazkide kopuruak nabarmen egin zuen behera. Datuak eman ditu: “Ekaina erreferentzia hartuta, 2021ean 4.614 bazkide izan genituen, 2022an 5.195, 2023an 5.642, 2024an 6.162, 2025ean 6.264 eta 2026ko ekainean 6.300 abonatuen muga gainditu dugu, betiere 417 bazkide udako abonatuak izanik”. Horregatik, aplikazioarekin batera, kanpaina bat jarri du martxan udalak bazkideak abonatzea lortzeko eta kopurua handitzen jarraitzeko.
Konekta zaitez Antzizarrekin du izena kanpainak, eta matrikulazioan beherapenak eskaintzen ditu. Irailaren 15era arte, matrikula dohainik izango da bazkide berrientzat, irailaren 15etik 30era %50eko beherapena izango du eta iraileko kuota doan utziko da, eta udako bonua dutenek urrian aukera izango dute urteko bazkide izateko matrikula ordaindu gabe.
Leire Artola alkateak “lehentasunekotzat” jo du “beasaindarren bizi kalitatea hobetzea”, eta bide horretan “derrigorrezkotzat” jo du “zerbitzu moderno eta irisgarriagoak eskaintzea”. Kiroldegia bezalako azpiegiturek etengabeko hobekuntza eta inbertsioak eskatzen ditu alkatearen hitzetan, eta testuinguru horretan kokatu du app berria, zerbitzu digital eta gertukoa eskaintzeko.













