Datorren astean ekingo dio ikasturte berriari Toberak
Musika hizkuntzako ikasleak Seguran, dantza saio batean. Tobera Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Tobera musika eta dantza eskolak 40. ikasturtea hasiko du datorren irailaren 8an. Egun horretan ordutegiak banatuko zaizkie musika tresnetan izena eman dute ikasleei Zegamako kultur etxean (17:30) eta Segurako Laiotz herri eskolan (19:00). Eskolak hurrengo egunean, irailaren 9an hasiko dituzte, 11 profesionaleko lan taldearekin.
Urteroko moduan aukera zabala dago eskaintzari dagokionean; askotariko musika tresnak jotzen ikasteko eskolak, musika hizkuntza eta dantzaz gain. Gainera, musika taldeetan parte hartzeko aukerak ugariak dira, helduentzat zein gazteentzat. Ildo horretan, urtarriletik aurrera, helduentzako eta jubilatuentzako euskal dantzen ikastaroak abiatuko direla aurreratu du eskolak.
Ekintzak ikasturtean zehar
Eskolez gain, ikasturtean zehar 30 ekintzatik gora egiten ditu Toberak. Azkenak Zegamako San Bartolome jaietan; zaindariaren prozesioan eta arku egitean parte hartu dute ikasleek, agitarien soka dantzan eta azken urtean jaiotako haurren zapi janztean. Musika ikasleek osatzen duten Norabide erromeria taldearen dantzaldia ere izan da jaietan. Ikasturteari hasiera emateko, irailaren 27an Zegaman egingo den Adinekoen egunean ere parte hartuko du Toberak.













