Debutak, garaipenak eta berritzeak txirrindulari goierritarrentzat abuztuan
Alex Aranburuk Bretainiako Klasikoa irabazi du. Xabier Berasategik 2028ra arte berritu du kontratua Euskaltelekin. Kepa Ormazabalek laranjaz debutatu du; gaur Ander Otegiren txanda da.
Xabier Berasategi olaberritarra, argazkiaren erdian, Ordiziako 103. Klasikoan uztailaren 25ean.Iñaki Gurrutxaga Hilabete eta erdi falta da errepideko txirrindularitza profesionaleko 2026ko egutegia amaitzeko. Urriaren erdialdean amaituko dituzte txirrindulariek denboraldiko probak. Gorengo maila horretan lehiatzen dabiltza zortzi goierritar: Cofidis taldean Ion Izagirre ormaiztegiarra eta Alex Aranburu ezkiotarra; eta Euskaltel-Euskadi taldean Nicolas Alustiza zumarragarra, Xabier Berasategi olaberritarra, Xabier Isasa urretxuarra, Gari Ugarte legazpiarra, Kepa Ormazabal gabiriarra eta Ander Otegi zegamarra. Azken bi horiek, Ormazabal eta Otegi, BBK-Euskadi Fundazioa taldetik lehen taldera igo dituzte abuztutik urte amaierara arte.
Joan berri den hilabetean, abuztuan, hainbat garaipen lortu dituzte batetik eta bestetik goierritarrek, eta irailean ere zenbait erronka izango dituzte aurretik herrialde ezberdinetan. Eskualdeko errepideetan, berriz, Beasainen eta Zegaman junior eta elite mailetako proba bana jokatu da abuztu amaieran.
Podiuma eta garaikurra
Abuztuaren 2an, Alex Aranburuk hirugarren egin zuen Getxoko Zirkuituan. Esprintean erabaki zen lasterketa, eta ezkiotarrak ezin izan zien irabazi lehen postuan iritsi zen Movistar taldeko Natnael Tesfatsioni eta bigarren egin zuen Bahrain taldeko Pau Miqueli.
Abuztuaren 1ean, aurreko egunean, 58. postuan helmugaratu zen Donostiako Klasikoan. Abuztuaren 16an, berriz, hirugarren postua eskuratu zuen La Polynormande lasterketan, eta Tour du Limousin-en, abuztuaren 18tik 21era bitartean, bi hirugarren postu eta bigarren postu bat eskuratuta bigarren egin zuen sailkapen orokorrean. Abuztua borobiltzeko, Bretainiako Klasikoa irabazi du abuztuaren 30ean, kilometro eta erdi falta zenean ihesa jo ondoren.
Profesionaletan lehena
Abuztuaren 12an, gogoratzeko moduko garaipena lortu zuen Xabier Isasak, lehen garaipena lortu baitzuen txirrindulari profesional gisa, Portugalgo Itzuliko seigarren etapan. Bigarren etapan laugarren egin zuen.
Agurretik agurrera
Ion Izagirreren azken denboraldia da ziklista profesional bezala. Hori dela-eta, azkeneko aldiak bizitzen ari da ormaiztegiarra. Abuztuan, besteak beste, Donostiako azken Klasikoa bizi izan du. Abuztuaren 28an, Tour Poitou-Charenteseko azken etapan podiumera igo zen hirugarren sailkatuta, eta sailkapen orokorrean zazpigarren geratu zen.
Beste bi urte
Xabier Berasategik beste bi urte jarraituko du Euskaltel-Euskadi taldean. Abuztuan jakinarazi zuten 2028ra arte berritu dutela kontratua, taldearen hitzetan, «bere kirol heldutasuna etxeko taldean osatzeko». Harrobian hasi zen eta 8 urte daramatza egituran. «Etxeko taldean txirrindulari gisa hazten jarraitzea» da olaberritarraren helburua.
Bi itzuli eta klasiko bat
Kepa Ormazabalek Poitou-Charenteseko Tourrean egin zuen debuta laranjaz jantzita. 66. postuan amaitu zuen. Gari Ugartek ere parte hartu zuen, 75. postua eskuratuta. Ander Otegik, berriz, gaurtik irailaren 6ra jokatuko den ZLM Tour-ean egingo du debuta Euskaltelek jakinarazi duenez. Ormazabal eta Ugarte ere izango dira Herbeheretako itzuli horretan. Irailaren 4tik 6ra, aldiz, Shanghaiko Tourrean parte hartuko dute Nicolas Alustizak eta Xabier Isasak, eta Xabier Berasategi Industria & Artigianato Sari Nagusian lehiatuko da irailaren 6an. Cofidis ere izango da Italiako sari nagusi horretan, baina ez du txirrindularien deialdia zabaldu.
Harrobikoak
Abuztuaren 29an, joan den larunbatean, 94. San Bartolome Sari Nagusia jokatu da Zegaman, Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak antolatuta, 30 eta 23 urte azpikoetan. Benjamin Noval 17 urteko txirrindulari asturiarrak maila handia erakutsi zuen eta 2:43:13 denbora eginda helmugaratu zen lehena Zegaman.
Abuztuaren 30ean, berriz, 45. Beasain Proba izan da, junior mailako Munduko Txapelketaren aurreko klasikoa. Espainiako estatuko talde onenetarikoak bildu ditu karrerak. Iparralde taldeko Bastian Laffittek irabazi du. BBK-Euskaltel Fundaziora egingo du jauzia 2027an Bearnen jaiotako txirrindulariak.













