Euskal Jai berezia, ate joka
Ostiralean hasi eta irailaren 13an bukatuko da Ordiziako Euskal Jaien egitaraua. Asteazkenean, irailaren 9an, izango da aparteko azoka berezia.
Gaur goizeko aurkezpena, Ordiziako Plaza Nagusian.Izaro Villarreal Ordiziako asteazkeneko ohiko azokarekin batera aurkeztu dute gaur goizean aurtengo Euskal Jaia. Ostiralean hasiko da jai astea, eta irailaren 13ra arte luzatuko da. Beste behin ere, tradizioa, euskal nortasuna eta lehen sektorearen lana ardatz izango dituen egitarauak herriko hainbat txoko hartuko ditu: Beti Alai, Garagartza, Barandiaran eta, nola ez, Plaza Nagusia. Ohiko hitzorduekin batera, irailaren 9ko aparteko azoka izango da asteko egun nagusietako bat.
Plaza Nagusian egin dute gaurko aurkezpena, eta bertan izan dira, besteak beste, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Libe Otegi Turismo zuzendaria, Alberto Sotomayor Kutxa Fundazioko ordezkaria, Ibai Alberdi HEBE elkarteko lehendakaria, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkaria, D’elikatuz zentroko Leire Arandia, Izaro Intxausti kultur teknikaria eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak.
Lehiaketak eta aparteko azoka
Euskal sustraiak ospatu eta aldarrikatzeko astea izango dela nabarmendu du Ezenarrok, eta irailaren 9ko aparteko azokaren garrantzia azpimarratu du. «Urteko azokarik garrantzitsuena da, non gure eskualdeko zein inguruko baserritarren produktuak eta lanak erakusten diren», azaldu du.
Asteazkenean, hainbat lehiaketa eta erakusketa egingo dituzte. Besteak beste, fruitu eta barazkien lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa eta Gipuzkoako Piriniar arrazako behi-aziendaren lehiaketa izango dira. Horrez gain, asteazkenero Plaza Nagusian postua jartzen duten baserritarren lana aitortzeko Aipamen Berezia ere emango dute.
Ganadua Garagartza plazan izango da ikusgai, 10:00etatik aurrera. Alberdik herritarrak bertaratzera animatu ditu, eta lehen sektoreak bizi duen egoera ere izan du hizpide. «Egungo lehorte egoerarekin eta hainbatetan agertu den dermatosiaren gaitzarekin, ganaduzaleek lan handia egin dute ganadua prestatzeko eta txapelketa polita egiteko», azaldu du.
53. Gazta Lehiaketa
Eguneko hitzordu nagusietako bat 53. Idiazabal Gaztaren Lehiaketa izango da. Beti-Alai pilotalekuan egingo dute, eta latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gaztak aurkeztuko dituzte bertan.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek eta artzainek goizean goiz eramango dituzte gaztak pilotalekura, eta 10:00etan hasiko da lehiaketa. Ohi bezala, sukaldariek, gastronomia-adituek eta kazetariek osatuko dute epaimahaia.
Urrezko Kutxa garaikurra
Gaztaren lehiaketarekin batera, Urrezko Kutxa garaikurra ere jarriko dute jokoan. Azken hamar urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz lortu duten gaztagileek dute garaikurra eskuratzeko aukera.
Iaz, Ilarduiako (Araba) La Leze gazta egiten duten Joxe Mari Jauregi lazkaotarrak eta Eli Gorrotxategi beasaindarrak jaso zuten garaikurra, lehiaketako txapelarekin batera.
Alberto Sotomayorrek gogoratu duenez, Kutxak 1964tik ematen du sari hori. «Artzainez artzain ibilbide luzea egin eta ondare bihurtu den gaztagintzaren garapena sustatzea eta bistaratzea lortu nahi dugu sari honekin, eta, bide batez, sektore honetan egiten den lan ona aitortzea», adierazi du.
Eguerdi aldera jakingo da aurtengo irabazlea nor den. Ondoren, saritutako gaztaren erdiaren enkantea egingo dute.
Garraio publikoa
Ezenarrok goierritar guztiak egun hauetan Ordiziara gerturatzera gonbidatu ditu, baina garraio publikoa erabiltzeko deia ere egin du, jende andana hurbiltzea espero baitute. Ordiziarrei, berriz, irailaren 9an baserritarrez janzteko gonbita egin die.
Garai gogorretan, bertako produktua
Euskara, tradizioa, ondarea eta euskal nortasuna aldarrikatu eta ospatzeaz gain, Ezenarrok gogoratu du Euskal Jaietan izango dela aldarrikapen gehiagorako tarterik. Ezenarrok azpimarratu du beharrezkoa dela baserritarrek egiten duten lana balioan jartzea, eta aparteko azoka horretarako «erakusleiho ezin hobea» izango dela nabarmendu du.
«Modurik ederrenean egindako lehiaketa eta erakusketen bitartez aurkezten dituzte beren produktuak, eta guk eman ditzakegun sariez gain, saririk handiena da ordiziarrek, goierritarrek, gipuzkoarrek eta, oro har, euskal herritarrek bertako produktuaren aldeko hautua egitea», adierazi du.
Ildo horretan, zuzeneko erosketaren alde egin du alkateak, bitartekaririk gabe lehen sektorean diharduten ekoizleei erosteko deia eginez. «Urte zailak izaten ari dira lehen sektorearentzat, eta aurtengoa oraindik ere zailagoa izaten ari da», gogoratu du.
EGITARAUA
Irailak 4, bihar
- 20:30. Herri Antzokian: Ama begira zazu antzezlana.
Irailak 5, larunbata
- 10:00. Barandiaran plazan, Emaneurre Euskarari Eguneko kuadrillen arteko herri kirolak.
- 15:00. Plaza Nagusian, herri bazkaria.
- 16:30. Plaza Nagusian, Andoni Ollokiegiren emanaldia.
- 18:30. Herrian zehar, Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Plaza Nagusian, Gozategi taldearen kontzertua.
Irailak 6, igandea
- 12:00. Barrenan, Lazkao Txiki XXXV. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa.
- 18:00. Buztuntza plazan, Bertso garbitzailea haurrentzako bertso ikuskizuna.
Irailak 8, asteartea
- 19:00. Udaletxetik abiatuta, Erraldoiak eta Buruhandiak Burrunbazale txarangarekin kalez kale.
- 19:00. Arboledan, ardo eta sagardo postuen irekiera. Afaltzeko azoka-postuak 17:00etatik aurrera hartu ahal izango dira. Txukun uztea eskatzen da.
Irailak 9, asteazkena
- 08:45. D’elikatuz zentrotik abiatuta, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideen eta artzainen desfilea, gazta lehiaketan parte hartuko duten gaztak Beti Alai pilotalekura eramateko, trikitilari eta dultzaineroek lagunduta.
- 09:00. Herrian zehar, Diana Ordiziako txistularien eskutik.
- 10:00. Gazta, ganadu, lumagorri, fruta eta barazkien lehiaketak.
- 11:00-14:00. Arboleda inguruan, Euskal Photocall-a, Amets Bidek antolatuta.
- 12:00. Barandiaran plazan, fruta, barazki eta lumagorri lehiaketen sari banaketa.
- 13:00. Garagartza plazan, ganadu lehiaketaren sari banaketa.
- 13:30. Beti-Alai pilotalekuan, gazta lehiaketaren sari banaketa eta enkantea.
- 17:30. Beti-Alai pilotalekuan, profesionalen arteko eskuzko pilota partidak: Murua-Aldabe Zubizarreta IV-Morgaetxeberriaren aurka, eta Altuna-Martija Artola-Iztuetaren aurka.
- 18:30. Plaza Nagusian, Sustrai Bizia haurrentzako festa gunea (herri kirolak, tailerrak, eskulanak, photocall eta euskal dantzak).
- 19:30. Barandiaran plazan, Herri Kirol jaialdia.
Irailak 11, ostirala
- 18:30. Plaza Nagusian, Urdaneta dantza taldearen emanaldia, eta ondoren KantuJira, alde zaharrean.
- 19:00. D’elikatuzen, Lazkao-Txiki, bat bateko sorgina, Xabier Amurizaren eskutik.
- 19:30. Plaza Nagusian, Ordiziako Saskibaloi eta Futbol Elkartearen 2026-2027 denboraldiko taldeen aurkezpena.
- 20:00. Elizan, Donostiako Easo gizon abesbatzaren kontzertua.
Irailak 12, larunbata
- 11:00-13:00 / 16:30-20:00. Barandiaran plazan, haur parkea puzgarriekin.
- 17:00. Beti-Alai pilotalekuan, emakumeen eskuzko pilota partidak.
- 19:00. Arboledan, Sagardo festa.
- 23:00. Plaza Nagusian, Itzal erromeria.
Irailak 13, igandea
- 13:15. Frontoi txikian, Laguntasuna errondailaren emanaldia.
- 14:15. Beti-Alai pilotalekuan, jubilatu eta pentsiodunen bazkaria.
- 18:30. Nikolas Lekuona plazan, Eskailerapekoa Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren bakarrizketa.













