Ikasturte berrirako ikastaroetan izena emateko epea zabalik, Idiazabalen
Guztira 25 ikastaro antolatu dituzte, kirola, kultura, ongizate eta Emakumeen Jabetze Eskola sailetan banatuta.
Izalbira paseoak beste ikasturte batez errepikatu dira eskaintzaren barruan.Idiazabalgo Udala Idiazabalgo Udalak 2026-27 ikasturtean eskainiko dituen ikastaroetan izena emateko epea ireki da aste honetan. Guztira 25 ikastarok osatuko dute eskaintza kirola, kultura, ongizate eta Emakumeen Jabetze Eskola sailetan banatuta. Eskaintza osoa jasotzen duen liburuxka ikusgai dago Idiazabalgo Udalaren web gunean.
Kirol ikastaroetako eskaintza azken urteetako berbera izango da: spinning, GAP, TRX, Pilates, yoga, gaztefit, mantentze soinketa eta Taichi. Berritasun nagusia TRX ikastaroan egongo da, lau talde eskainiko baitira.
Sei jarduerak osatuko dute Euskara eta Kultura saileko eskaintza. Egur taila, joste lanak, helduentzako zeramika eta euskara ikastaroez gain, bi ikastaro berri eskainiko dira: helduentzako pintura (ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara) eta antzerkia (astelehenetan, 19:00etatik 21:00etara).
Ongizate sailean, oroimen tailerra eta Izalbiraz gain, musikoterapia, familientzako elikadura tailerra eta gaitasun digitalak lantzeko ikastaroa eskainiko dira, eta Emakumeen Jabetze Eskolan kakorratz-lanak, emakumearen zikloak eta osasun hormonala, bitxigintza-tailerra, autodefentsa feminista eta Idiazabalgo emakumeen topaketa.
Izen emateak
Izena emateko bi bide daude: irailaren 11ra arte liburutegian, 9:30-13:00 ordutegian; edo irailaren 13ra arte online, Idiazabalgo Udalaren web gunean. Irailaren 16an izen emate guztien behin behineko zerrendak argitaratuko dira, eta irailaren 28an esleitutako plazen behin betiko zerrendak. Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira.
Udalak ohartarazi duenez, kirol ikastaroetako plazak esleitzerako prozeduran aldaketak izango dira eta herritar bakoitzak kirol ikastaro bakar batean eman ahal izango du izena. Zozketa bidez plazak esleitu ondoren taldean hutsuneak geratzen badira, bigarren izen-emate epea zabalduko da irailaren 22an. Kultura ikastaroetan prozedura bera jarraituko da.













