San Gregorioko festak bihartik igandera ospatuko dituzte
Kirol jarduerak, bazkari eta afariak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera egongo dira. Kuadrilla egunean Axier Auzmendi gogoratuko dute.
Ataun San Gregorioko gazteak, zuriz jantzita, iazko kuadrilla egunean. Leire Perlines San Gregorioko festei bihar emango diete hasiera ataundarrek. Bihartik igandera arte jaietako jarduera ezberdinak antolatu ditu jai batzordeak.
San Gregorio egunaren baitan festak aldatu egiten direla azaldu du Asier Lasa San Gregorioko festa komisioko kideak: «Aurten San Gregorio eguna festetako lehena denez, herri bazkaria eta auzo afariarekin hasiko gara, horiek beti egun horretan izaten baitira». Festa komisioko kideak dio 60 lagun inguruk eman dutela izena herri bazkarirako. Bazkari horretara adineko jendea joan ohi izaten dela dio Lasak, hala ere, azken urteetan gazteak ere animatzen hasi direla dio.
Arratsaldean herri kirol saioa egongo da. Iñigo Zabala bakarka, Asier Altuna, Itoitz Urkiola, Udai Ramirez eta Enaitz Izagirreren aurka lehiatuko da. Zabala aurreko Euskal Pentatloiko sailkapenean lehiatu zen. Lau lan egitea adostu dute: harri jasotzea, aizkora, txingak eta korrika. Ondoren, auzo afaria izango da. Horretarako, aurten, ogitartekoak enkargatzea erabaki dute antolatzaileek lan karga arintzeko asmoz. Lasak aurreratu du ogitartekoren 55 eskaera inguru egin direla.
Ostiralean kuadrilla eguna ospatuko dute. Ataunen araua denak zuriz jantzita joatea da. Gainera, Axier Auzmendi oroituko dute. Lasak dio Auzmendi urte askotan aritu zela komisioan festak antolatzen, eta beren lanari aitorpena egin nahi diotela: «Omenaldi xume bat egingo dugu; irakurketaren bat, abestiren batzuk kantatu eta topa eginez amaitu».
Ataundarrentzat festetako egun garrantzitsuena da. Kuadrilla eguneko bazkaria izaten da jende gehien biltzen duen ekintza. Aurten, 220 inguru izango dira. Kuadrilla afaria ere izaten da baina jende gutxiagok eman du izena horretarako, 90 lagunek gutxi gorabehera.
Larunbatean umeen eguna izango da, bazkarirako 100 ume inguru daude izena emanda eta iluntzeko oilasko janerako 32 oilasko tike erosi dira. Igandean gazta dastaketarekin amaituko dira festak.
Gaueko autobus zerbitzua
Beste hainbat lekutako festetan jartzen den bezala gaueko autobus zerbitzu berezi bat jarri du Lurraldebusek. Ostiraletik larunbaterako gauean San Gregoriora joateko bi gaueko autobus izango dira 23:55ean eta 01:35ean. Zaldibiatik abiatu eta Ordizian, Beasainen eta Lazkaon egingo ditu geldialdiak. Itzulerako lau zerbitzu eskainiko dituzte 00:35ean, 02:30ean eta 04:10ean, aurreko herri berdinetatik igaroko dena.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jaiak modu «jasangarri eta seguruan» gozatzeko Lurraldebusek zerbitzu berezi horiek jarri dituztela dio: «Kalitatezko zerbitzu publikoak pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzen du». Martin Aramendi Ataungo alkateak zerbitzu hori erabiltzera «animatu» nahi ditu herritarrak eta inguruko herrietako jendea. Hala ere, gauza bat gogorarazi du: «Jaietan dena ez da libre eta portaera egokia izan dezatela».
Petardoak eta suziriak galarazita
Era berean, Ataungo Udalak gogoratu du bazterrak “oso lehorrak” daudela, eta suteren bat izateko arriskua handia dela. “Horrez gain, herritarren artean, eta batez ere umeen artean, asko dira tiro-hotsari beldurra diotenak, eta animaliak ere aztoratu egiten dira.”. Hori dela eta, petardoak eta suziriak botatzeko debekatuta dagoela nabarmendu du udalak.
EGITARAUA
Irailak 3, osteguna. San Gregorio eguna
- 11:00. Meza santua eta txupinazoa.
- 12:00. Umeen eta helduen toka txapelketa herrikoia.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:30. Umeen erreka jaitsiera.
- 19:30. Herri kirol saioa.
- 21:30. Auzo afaria.
Irailak 4, ostirala. Kuadrilla eguna
- 13:00. Elkarketa eta karropoteoa.
- 15:00. Kuadrilla bazkaria.
- 17:30. Umeen futbolin txapelketa.
- 18:00. Dj Lizarrusti.
- 20:30. Axier Auzmendi gogoan.
- 21:30. Kuadrilla afaria.
- 23:30. Iratzar erromeria ondoren, Dj Naza Artadin.
Irailak 5, larunbata. Umeen eguna
- 12:00. Etxarriko erraldoiak.
- 13:30. Umeen bazkaria.
- 14:30. Ur puzgarriak.
- 17:30. Umeentzat askaria eta Dj Narrubi eta mozorro festa.
- 21.30. Oilasko jana.
- 23:30. Balantza erromeria.
- Ordu txikitan. Helduen mozorro lehiaketa eta azkenik Dj Potz Artadin.
Irailak 6, igandea
- 11:30. Pilota partidak.
- 12:30. Kantu poteoa.
- 18:00. Otsoak Dantza Taldearen ikuskizuna.
- 19:30. Gazta dastaketa.













