Sasietak hondakinak nahasteagatik jartzen dituen isunak indartu ditu
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Ordenantza berria aurreko ostiralean. Ordenantza horrekin isunak 3.000€-rainokoak izatera iritsi ahalko dira. Beti ere, arau-haustearen arabera.
Beasaingo kaleko Sasietaren edukiontzi batzuk. Manex Usarralde Sasieta Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan etxeko hondakinak eta merkataritza-hondakin ez-arriskutsuak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen Ordenantza berria argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, aurreko ostiralean.
Ordenantza horren xedea mankomunitatea osatzen duten udalerrietan udal-eskumeneko hondakinak eman eta biltzera bideratutako jokabide eta jarduera guztiak arautzea dela dio mankomunitateak. Gainera, zerbitzuetan eta industrietan sortutako «etxeko hondakin» arriskutsuei eta ez-arrizkutsuei eta «merkataritzako hondakin» ez-arriskutsuei aplikatuko zaiela ohartarazi du.
Hondakin-ekoizleek mankomunitateko bilketa-bitartekoei derrigorrez entregatuko dizkiete hondakin horiek, ordenantzan hondakinak entregatzeko ezarritako egutegi, ordutegi, leku, modu eta gainerako baldintzak betez.
Hondakin-ekoizleek hondakinak jatorrian derrigorrez bereiziz, eta bereizi ondoren, hondakina sortu den udalerrian hondakin-frakzio bakoitzerako jarritako ontzietan (edukiontziak, zaborrontziak, kaiolak…), instalazioetan edo bilketa-puntuetan botaz jardungo dela arautu dute.
Arau-hausteen ondorioak
Ordenantzan xedatutakoa betetzen dela zaintzea eta ikuskatzea mankomunitateko funtzionarioei eta udalerrietako udaltzainei dagokiela adierazten du Ordenantza berriak. Horregatik, Ordenantzan xedatutakoa urratzen duten ekintzak edo ez-egiteak arau-hauste administratibotzat hartuko ditu Sasietak.
Bestalde, arau-hausteak arin, larri eta oso larri gisa tipifikatuta daudela, eta bakoitzarengatik ezarriko diren «isunak» gorde dira Ordenantzan: Arinengatik 750€ arteko isuna, larriengatik 751€-tik 1.500€-ra artekoa eta oso larriengatik 1.501€-tik 3.000€-ra artekoa.
Isunak jartzearen zergatia
Sasieta Mankomunitateak azpimarratu du «isun ugari» jartzen dituela, batez ere birziklatzeko edukiontzietan (edukiontzi horian batipat) hondakinak nahastuta, hau da, bereizi gabe, botatzeagatik.
Orain arte, arau-hauste arinak 90 eurorainoko isunarekin zigortzen ziren. Orain, ordea, kopurua nabarmen igoko da. Mankomunitateak isunak jartzen jarraituko duela adierazi du, izan ere, kalitaterik gabe ez dagola birziklatzerik aldarrikatzen duelako.













