«Arlo profesionalean eta pertsonalean garatzen lagunduko dit bake epaile izateak»
Bake Epaitegiak herrietako gatazka txikiei kontziliazioa bilatzeko daude. Manex Oses epaileaz gain, justizia administrazioko letratuak eta laguntzaileak lan egiten dute bertan. Oses lau urtez egongo da postuan.
Manex Oses Lazkaoko bake epailea.Manex Usarralde Zuzenbideko gradua amaitu berri du Manex Osesek (Lazkao, 2004), eta maiatzetik Lazkaoko Bake Epailea da. Etapa berri hori arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko modua bezala ikusten du Osesek. Izan ere, lau urterako egongo da Bake Epaile postuan.
Bake Epaile baten eginkizuna zein da?
Bake Epaile bezala dudan funtzio nagusia da Lazkaoko herritarren artean gatazkak daudenean adiskidetze edo kontziliazio bat egitea, prozesu horretan epaia izanez. Orduan, jendea arazoekin etortzen da normalean, arazo zibilekin. Gatazka horiek ez dira garrantzi handikoak izaten, bestela zuzenean beste epaitegi batzuetara bideratzen dira. Bi alderdientzat hoberena dena bilatzen saiatzen naiz.
Horrelako kasu zibiletan garrantzi gutxiko gatazketan saiatzen dira bake epaitegitik bideratzen, ezinbestekoa da. Izan daitezke oinordekotzak, bikote banaketak, bi partikularren artean zor bat dagoela…
Kasu horien adibide pare bat eman ditzakezu?
Adibidez, familia bereko senideen arteko oinordetza batean gatazka bat izan da kasu bat. Batek bestea salatu zuen. Epaiketara joan baino lehenago saiatu ziren bi alderdiak adiskidetze egintza lortzen edo kontziliatzen. Baina kasu horretan ez zuten adiskiditze batera iristera lortu. Azken finean, familia arteko gatazkak oso zailak izaten dira eta diru mordoa eskatzen zuten.
«Curriculuma osatzeko ondo datorkit, eta Lazkaokoa naizenez herriari zerbitzu bat ere ematen diot»
Beste kasu batean, pertsona batek istripu bat izan zuen eta epaiketara joan ziren bere momentuan. Baina honek ez zion ordaindu bere abokatuari, eta hor zor bat zegoen ordaintzeko. Kontziliaziora joan ziren eta ez zen ebazpen onik atera eta epaiketara joan behar izan zuten.
Zergatik erabaki zenuen lanpostu horretara aurkeztea?
Udalak deialdia atera zuen aurreko urteko urrian. Ni ikasten ari naizen Zuzenbidea graduarekin zerikusia zuela ikusi nuen, eta pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela modu profesionalean eta akademiko batean Bake Epaile izateko deialdira aurkeztea, ea zortea nuen. Egia esan ez nuen pentsatzen aukeratua izango nintzenik, gaztea naizenez oraindik esperientzia falta izan dezakedalako edo.
Zuzenbide gradua amaitu duzu. Orain zer egitea daukazu pentsatuta?
Aholkularitza fiskaleko masterra egingo dut. Nik lan hau esperientzia hartzeko eta curriculuma betetzeko modu bezala hartzen dut. Uste dut, baita ere, pertsonen arteko harremanak asko lantzen direla lan honetan. Etortzen zaizu jende bat demandatua izan dena edo negarrez, egoera horiek azkenean pertsonalki garatzen laguntzen dute.
«Ez daukat ordutegi finkorik kontziliazio bat dagoenean bakarrik joaten naiz»
Bake Epaile izateko abokatua izan behar da?
Ez dago zertan. Ni aurkeztu eta baiezkoa azaroan eman zidaten, eta orduan oraindik Zuzenbideko laugarren urtea hasten ari nintzen. Posturako bete behar diren baldintzak dira: adin nagusitasuna, espainiar nazionalitatea eta herrikoa izatea. Jendeak orokorrean bake epaile bat edo epaile bat imajinatzerakoan ez du pertsona gazte bat imajinatzen. Adibidez, nire aurrekoa Iker Imaz, orain nire ordezkoa dena, ni baino helduagoa zela egon zen Bake Epaile postuan. Baina, normalean jendeak gaztea izatea baloratu egin dit.
Zuzenbidea ikastea zergatik erabaki zenuen?
Mozorrotu dezaket esanez bokazioz aukeratu nuela, baina ez. Hala ere, interesgarria den karrera dela uste dut, eta batxilergoa bukatu nuenean ez neukan ziur zer egin. Zuzenbideak arlo asko irekitzen dituela uste dut, orduan, aukera ematen du gradua amaitutakoan aukeratzeko arlo penala, zibila, fiskala… Horretaz gain, nire amak eta anaiak ere zuzenbidea ikasi zuten. Orduan etxetik ere aldeko iritzi asko neuzkan.













