Erromeria giroan ospatuko dute itsasoarrek Andra Mari eguna Kizkitzan
Euripean egin zuten iaz Kizkitzako erromeria.Gorka Sasieta Betidaniko ohitura dute Itsason irailaren 8an Kizkitzan erromeria egitearena, eta aurten ere tradizioari eutsiko diote, nahiz eta egutegian asteartea egokitu. Aurreko urteetan bezala, Kizkitzan ez ezik Mandubiko bentan ere jai giroa izango da asteartean, egun osoan zehar Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.
Mezarekin emango diote hasiera egunari (12:00) Kizkitzan bertan. Baltzolak eta Andonegik ez diote hutsik egingo urteroko hitzorduari eta erromeria giroa jartzeaz arduratuko dira beste behin (13:00). Bazkari garaia izango da eguerdian eta erromeria izango dute berria arratsalde osoan zehar (16:00). Toka txapelketa herrikoiak ere ez du hutsik egingo aurtengo egitarauan (17:30).
Afaria eguna amaitzeko
Iluntzean (20:30) izango da itzulera oinez Itsasora. Ostatun afaltzeko aukera izango da (21:30). Norberak bere jatekoa eraman dezake, edo bestela, ostatuan prestatutako menua afaldu —odolki, patata eta arrautza nahaskia eta oilaskoa saltsan—; 18 euro postrea eta edaria barne. Ostatuan afaltzeko aldez aurretik izena eman behar da 943 88 03 15 zenbakira deituta.













