Oria ibaia eta errekak garbitzeko lanekin jarraitzen du Ordiziak
2018tik ia 30 tona zabor jaso dira Oria ibaian eta Mariarats zein Amundarain erreketan egindako garbiketa-kanpainetan.
Gaur eman dute egindako lanaren berri, Gallegok, Alvarezek eta Aurkiak, hurrenez hurren. Izaro Villarreal Ordiziako Udalak azken urteetan abian jarritako ekimenarekin jarraituz, aurten ere udalerriko ibai eta errekak garbitzeko kanpaina jarri abian du, eta azken txanpan sartzera doa. Maitane Alvarez alkateordeak, Rosa Aurkia Laiakoopeko teknikariak eta garbiketa-lanez arduratzen ari den Javi Gallego Txukun Lorezaintza S.L enpresako kideak gaur eguerdian eman dute egindako lanen berri. Orain arteko pisaketek, 2.300 kilogramoko emaitza eman dute, eta oraindik ere beste hainbeste biltzea espero dute.
Ia 30 tona zabor, 2018tik
Maitane Alvarez arduradunaren arabera, bildutako hondakin kopuruak ez du baikortasunerako tarte handirik uzten. Izan ere, 2018 eta 2025 urteen artean ia 30.000 kilogramo zabor jaso dira Oria ibaiaren eta Mariarats zein Amundarain erreken garbiketa-lanetan. Aurten ere kopuru horrek gora egingo duela aurreikusten du. «Horrek guztiak erakusten du kontzientziazio lanean segi behar dugula, baina espero dugu gutxika-gutxika kantitate horiek murrizten joatea. Hori da helburua».
Aurten, gainera, zertxobait aurreratu dute garbiketa-kanpaina, ur-emari txikia zela aprobetxatuta. Horrek garbiketa lanak erraztu dituela ziurtatu du Alvarezek. Izan ere, euri gutxi egin duenez, ibaiaren maila baxuagoa izan da, eta horrek beste urte batzuetan eskuraezinak izan diren guneetara iristeko aukera eman du. Horrez gain, hondakinen bilketa bera ere «askoz azkarrago» egin ahal izan dute. Larunbatean hasi zituzten lanak, eta hamar egunez luzatuko dituzte.
Ibaiaren garbiketa amaitu ostean, landare inbaditzaileak kentzeko lanei ekingo dietela aurreratu du Alvarezek: «Laster hasiko gara landareen tratamenduarekin. Mariaratsetik abiatuko gara, dagoeneko prestatuta daukagun plangintza bati jarraituz». Iaz ere egin zuten landare inbaditzaileen garbiketa, baina ordutik tratatutako landareetako batzuk berriz agertu direla ziurtatu du. Landare inbaditzaileen kontrola, gainera, epe luzeko lana dela nabarmendu du, ibaiaren ertzean ezin baita edozein tratamendu erabili: «Urteetan zehar egin behar diren lanak dira».
Koordinazioa, beharrezkoa
Oria ibaia udalerri bat baino gehiagotatik igarotzen denez, garbiketa lanen arteko koordinazioa ezinbestekotzat jo du Alvarezek. Aurten, esaterako, horregatik aurreratu dituzte Ordiziako lanak; Beasainen ere egin dituzte garbiketa-lanak, eta horiek bukatu bezain pronto abiatu dituzte Ordiziakoak ere.
Alvarezek azaldu duenez, ibaian egiten den edozein garbiketak beste eremuetan ere eragina du: «Batek egiten badu, besteari ere onura egiten dio; azkenean, leku batean jasotzen ez dena bestera iritsiko da». Horregatik, Oria zeharkatzen duten udalerrien arteko koordinazioa eta elkarlana beharrezkoak direla azpimarratu du, ibaiaren garbiketa eta zaintza ikuspegi bateratu batetik lantzeko.














