Usurbe mendia jaietan murgilduko da
XX. Usurbeko Igoera jokatuko da igande goizean, 11:30ean hasita. Arizmendi baserriko Tere Zaldua eta Altzoko Iñaki Irure omenduko dituzte aurten.
Korrikalariak XIX. Usurbeko Igoeran, iaz.Loinaz Agirre Usurbe mendian jaia hastear da. Asteburuan, hilaren 5ean eta 6an, Beasainmendiko festak ospatuko dituzte auzotarrek, Beasainmendiko Kultur Elkarteak antolatuta. Ohi bezala, ez dira faltako bertsolari eta trikitilariak, omenaldiak eta herri kirolak. Aurten, gainera, Usurbeko Igoera herri krosak urteurren borobila izango du, hogeigarren edizioa izango baita.
Larunbat eta igandean ospatuko dituzte festak, baina igandea izango da egun handia, ekitaldiz beterikoa. Larunbateko auzo afari eta auzoko mus txapelketaren ondoren, igandean goiz-goizetik ekingo diote egitarauari, suziriarekin.
Ehun korrikalari
Usurbeko Igoera 11:30ean hasiko da Artzaieneko plazatik. Aurrez, 10:15etik 11:00etara bitartean banatuko dituzte dortsalak Artzaieneko plazan bertan. Izen-ematea herrikrosa.eus webgunean egin daiteke, 15 euroren truke irailaren 5era arte, eta 17 euroren truke egunean bertan. Gehienez ehun korrikalariren muga jarri du antolakuntzak.
4,7 kilometroko eta 446 metro desnibeldun ibilbidea egingo dute korrikalariek, Agortan amaitzeko. Parte hartzaile guztiek hamaiketakoa eta kamiseta bana jasoko dute.
Lehen bi sailkatuek –gizon eta emakume– 120 euro eta txapela jasoko dituzte opari, bigarrenek 70 euro eta hirugarrenek 50 euro, eta herriko lehen sailkatuek sari berezi bat izango dute. Errekorra hausteagatik 80 euroko saria ere izango da.
Probaren errekorrak duela 12 eta 8 urte ezarritakoak dira, gizonezkoetan eta emakumezkoetan hurrenez hurren: Oier Ariznabarretak 2014an 20 minutu eta 44 segundotan egin zuen lasterketa, eta Majida Maayoufek 2018an 25 minutu eta 9 segundotan. Harrezkero inork ez ditu hobetu marka horiek.
Sari banaketa azken korrikalaria iritsi ondoren hasiko da. Bitartean, Laja II eta Narbaiza trikitilariek alaituko dute giroa, eta Lizaso eta Egañaren bertso saioaren ostean aurtengoan aukeratutako agureak omenduko dituzte: Altzoko Iñaki Irure Sarasola eta Beasainmendiko Tere Zaldua Mendizabal.
Arizmendi baserrikoak
Muxugorri ezizenez ezaguna da Beasainen Irure, kultur elkarteak azaldu duenez. 1955eko abuztuaren 27an jaio zen Altzon. Soldaduska Cordoban eta Sevillan egin ondoren, Tolosako fabrika batean hasi zen lanean, eta handik Olaberriko Aristrain enpresan hasi zen erretiroa hartu zuen arte.
Zaldua, berriz, Beasainmendiko Arizmendi baserrikoa da. 1956ko irailaren 25ean jaioa, baserri lanetan aritu da, esnea banatzen eta azokan barazkiak saltzen batez ere.
Duela 52 urte ezagutu zuten elkar Goldenen (Urretxuko garai bateko diskoteka), eta 1978ko maiatzaren 6an Zumarragako Antioko ermitan ezkondu ziren. Arizmendi baserrian bizi dira eta bi seme-alaba eta biloba bat dituzte.

Iñaki Irure eta Tere Zaldua, aurtengo agure omenduak.Beasainmendiko Kultur Elkartea
Garingoen aurka
Herri kirol desafioa izango da jaietan ikusmira sortuko duen beste hitzordu garrantzitsu bat. Beasainmendiko eta Garingo taldeak ariko dira nor baino nor Agortako plazan 13:30ean hasita. El Conquiseko Monty Beasainmendin ariko da, Monty Garinen, eta aizkoran, Joanes Izagirre Beasainmendin, Haritz Goiena Garinen.
Bazkaltzera elkartuko dira gero bazkari herrikoian. Txartelak Arrano tabernan, Azurmendi harategian eta Montoya harategian eskuratu daitezke, helduenak 40 euroan eta 12 urtera arteko haurrenak 12 euroan.
Arratsaldean, haur jolasekin, buruhandiekin eta erromeriarekin emango diote bukaera jai egun borobilari.
2026ko Beasainmendiko jaietako egitaraua
Irailak 5, larunbata
21:00: Auzo afaria eta auzoko mus txapelketa.
Irailak 6, igandea
08:00: Suziriak.
10:45: Herri meza trikitilari eta bertsolariekin.
11:30: Usurbeko Igoera kros herrikoia.
11:45: Aizkorri Mendizale Elkartekoei ongietorria.
12:00: Laja II eta Narbaiza trikitilariak.
Ondoren: Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak.
13:00: Aurtengo agure omenduei, Iñaki Irure eta Maite Zalduari, oparia emango zaie.
Ondoren: Jokinen oroimenean aurreskua eta lore eskaintza.
13:30: Herri kirolak Beasainmendiko eta Garingo taldeen artean.
14:30: Bazkari herrikoia.
17:00: Haur jolasak.
17:30: Buruhandiak Ekaitz konpartsarekin.
18:30: Erromeria Laja II eta Narbaizarekin.













