Yurre Ugarte izango da helduen irakurle taldearen dinamizatzailea
Helduen taldearen lehen saioa irailaren 24an izango da, 17:30etik 19:00etara. Haur eta familien irakurketa klubak ere irailean hasiko dira, Nadim Hussein dinamizatzaile berriarekin.
Beasaingo irakurle taldeak hilabete honetan emango dio hasiera ikasturteari, eta etapa berri bati ekingo dio, Yurre Ugarte (Tolosa, 1965) izango baita dinamizatzaile berria.
Ibilbide oparoko sortzailea da. 1991tik ikus-entzunezkoen alorrean aritua da (ETB, Tele5, TV3 nahiz Telemadrid kateetan) eta literaturan genero ugari landu ditu, hala nola Gasolindegian narrazio-bilduma, Joana Maiz eleberri grafikoa eta berriki argitaratutako Harakinen alaba eleberria. Sormen eta irakurketa tailerrak gidatzen esperientzia handia du.
Irailaren 24an izango da helduen lehen saioa, eta hilean behin bilduko da, ostegunetan, 17:30etik 19:00etara. Hau da egutegia: irailak 24, urriak 22, azaroak 26, abenduak 17, urtarrilak 28, otsailak 25, martxoak 18, apirilak 22. Maiatzeko data zehazteke dago. Jarduera doakoa da eta literaturaz gozatu nahiz beste irakurle batzuekin solasean aritu nahi duen edonorentzat zabalik dago.
Lau talde, adinka banatuta
Haur eta familien irakurketa klubak ere irailean hasiko dira, Nadim Hussein dinamizatzaile berriarekin. Lau talde osatuko dira, adin tarteen arabera.
3-5 eta 6-8 urte artekoentzako saioak familia giroan izango dira, haur eta gurasoentzat. Helburuak “irakurketa ohiturak sustatzea, kalitatezko euskal bibliografia ezagutaraztea eta guraso zein haurren arteko irakurketa giro goxoa sortzea” direla azaldu du udalak.
8-12 urte artekoentzako saioak, aldiz, haurrak bakarrik joateko pentsatuta daude. Komikien eta sorkuntzaren inguruko dinamikak landuko dira, “besteak beste antzerki txikiak, abentura jolasak eta aplikazio digital berezien erabilera”.
Udalak jakinarazi duenez, 8-12 urte arteko gaztetxoen komiki taldean oraindik badago izena emateko tokia. Udal Liburutegian eman daiteke izena.













