Hiri-logistika Beasainen, ekonomia zirkularra Zaldibian
Uda Ikastaro bana izango da Beasainen eta Zaldibian aste honetan, ostegunean eta ostiralean hurrenez hurren. Izena eman daiteke oraindik.
'Hiri-logistikaren transformazioa: teknologia eta eredu arrakastatsuak' ikastaroa aurkezteko prentsaurrekoa, uztailean Igartzako jauregian.Laida Goiburu EHUren Uda Ikastaroen barruan, Goierrin bi ikastaro izango dira aste honetan, Beasainen eta Zaldibian bana.
Beasaingoa izango da lehena, ostegunean, irailaren 10ean, Igartzako Jauregian: Hiri-logistikaren transformazioa: teknologia eta eredu arrakastatsuak. Etxez etxeko erosketen eta merkataritza elektronikoaren gorakadak eragindako erronkak aztertuko dituzte: “Herri-zentroen kolapsoa, errepide bidezko garraioak eragindako emisioak eta tokiko saltokiek online plataforma handien aurrean bizi duten lehiakortasuna”, azaldu du Beasaingo Udalak.
Jordi Espinekin (TRANSPRIME) eta Enrique Sanchezekin (STANDTRACK) azken miliako plangintza eta salgaien banaketa-estandarrak aztertuko dira, Madrilgo Udalaren Canalejas 360 mugikortasun eta logistika-hub deskarbonizatua, Bartzelonako TACTIC Logistics proiektua eta Beasaingo Tori! ekimena izango dituzte hizpide adituek, eta Smartlog, Hermeneus World eta BasqueCCAM erakundeetako ordezkariek intralogistika adimenduna, plataforma digitalak eta locker edo takila adimentsuak aurkeztuko dituzte.
Zaldibian, berriz, ostiralean izango da ikastaroa, irailaren 11n, Ekonomia zirkularreko proiektuak lehen sektorean izenburupean Goizane zentroan. Artile eta plastikoari loturiko proiektuak aurkeztuko dituzte, Gipuzkoan plastikoaren murrizketarako eta artilearen balorizaziorako aukerak azaleratzeko, sektoreko eragileak konektatzeko eta proiektu pilotu posibleak identifikatzeko helburuarekin.
Izen-emateak zabalik daude bi ikastaroetarako uik.eus webgunean. Beasaingoa ordainpekoa da (10 eta 25 euro artean) eta tarifa bereziak daude eskuragarri. Zaldibiakoa doakoa da.













